“Baserritarrok gizartetik gero eta urrutiago gaudela ikusten dut”

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 29a, 16:00

Baserritik saioko protagonista Joseba Otegi artzaina da. Asteasun bizi da Gorua Goiena baserrian, eta 2006az geroztik, behiak kendu, eta ardiekin egiten du lan Maria Jesus Hidalgo emaztearekin batera. Gaztandegia dute, eta mota askotako gaztez gain, esneki ezberdinak ekoizten dituzte. Etorkizun "txarra" ikusten du, eta guztiaren prezioak igotzen ari direla azpimarratu du: ardien jatekoa, argia, gasolioa, kartoia, plastikoa... “Ez dakit guzti hori gaztan igotzeko moduan izango garen. Eta igo beharra dago, bestela ezin dugu jarraitu”.

Ez zen baserrian jaio Joseba Otegi asteasuarra, baina txiki-txikitatik zuen ohitura aitaren baserrira joateko. Fraisoron egin zituen ikasketak, eta hamasei urterekin hasi zen osabaren baserrian lanean. Behiak ditu gustuko, eta behiekin hasi zen lanean, baina herriko egoerak eta giroak eraginda, behiak kendu eta ardiekin hastea erabaki zuen 2006an. “Ez zen erabaki erraza izan. Oso zaila. Niri betidanik behiak gustatu izan zaizkit, eta pena handia hartu nuen”, kontatu du Otegik.

 

Ukuiluan eta gaztandegian bietan izaten du lana Otegik. Orain hasi eta martxora bitartean ukuiluan lan gehiago du. Jada arkumeak jaiotzen hasi zaizkie, eta negua ate joka dela, ardi guztiak larreetatik etxera ekarri behar dituzte.

 

Idiazabal jatorriko gaztak ekoizten ditu, eta gaztak egiteak "mimo eta garbitasun handia" eskatzen duela aitortu du. “Niri gustatzen zait gaztak egitea, baina ez da jendeak uste duen bezain erraza”. Denboratxo bat darama gaztak egin gabe, eta berriz gaztak egiten hasteak “urduritasun puntua” sortzen dio Otegiri. Orain hasi, eta abuztua bitartean ariko dira gaztak ekoizten Goinen.

 

Artzainarentzat garairik lasaiena udazkena dela esan du Otegik, eta gogorra eta lan askokoa bada ere, gustuko du arkumeak jaiotzen diren garaia: “Polita da ukuilura sartu eta arkumeak saltoka ikustea, baina egunero-egunero gainean egon behar duzu”.

 

“Estu edo lokatzetan aztarrika zabiltzanean, askotan pentsatu dut hemen zertan ari naizen, baina hartutako erabakiaren damurik ez daukat”.

 

Kezka, gizartearekin

 

“Baserritarrok gizartetik gero eta urrutiago gaudela ikusten dut”. Horrek sortzen dio kezkarik handiena: “Agian guk ere gehiago ireki beharko dugu, ez dakit”, gaineratu du. “Orain artean ez dut sentitu bazterrean gaudenik, baina orain konturatzen hasi naiz baserritarrak gaizki ikusita gaudela”. Gizartearen aldetik bakarrik ez, “administrazio aldetik ere, burokrazia tapatzen ari zaigu”, esan du. “Etorkizun txarra ikusten dut. Ia gazterik ez da hasten”, gehitu du.

 

Jendearen aldetik, erosterakoan, bertakoari garrantzia ematen diotelakoan da artzaina. Pandemia garaiak, jendea zerbait kontzientziatu duela iruditzen zaio: “Inoiz baino gehiago saldu dugu, eta igoera nabaritu dugu”. Baina kontrara, guztiaren prezioak igotzen ari direla azpimarratu du: ardien jatekoa, argia, gasolioa, kartoia, plastikoa... “Ez dakit guzti hori gaztan igotzeko moduan izango garen. Eta igo beharra dago, bestela ezin dugu jarraitu”.

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!