Espainiako Estatuko polizia etxeetan tortura sistematikoa erabili da inpunitate osoz euskaldunon aurka. Emakumeon* kasuan jazarpen politiko eta estatu indarkeriak jite sexista izan du. Madrilgo polizia etxeetan gure emakume gorputzak guda zelai patriarkalak bihurtu dituzte, askatasunaren alde borrokatzea erabaki genuelako batetik eta rol patriarkalak apurtu genituelako bestetik. Torturatzaileen pentsamenduan gu bidelagun edo zaintzaile izan behar genuen, ez borrokatzea erabaki genuen subjektuak. Horren zigorra, tortura sexista izan da, eta bortxaketa eta erailketa, indarkeria patriarkal horren punta. Espetxeetan ere otzan eta esaneko hezi nahi gaituzte indarrez, gizonek gizonentzat egindako eremuetan. Gure emakume* gorputzek tatuaiak dituzte, ez tintarekin eginak indarkeria anitzekin baizik. Markatu gaitu estatu indarkeriak, kontatu ditzagun gure gorputzetan pilatutako biolentziak memoria kolektiboa egiteko.
Eta memoria idazketa hori ezin dute gizonezkoek gure izenean egin, ez eta estatu instituzioek ere, garaile/garaituen eskeman.
Testigantzak publiko egitea emakume torturatuak boteretzeko tresna bat da. Baita, historia ofizialean lekurik izan ez duen memoria feminista txertatzeko aukera ere. Emakume batentzat hitza hartzea (historikoki zapaldutako beste subjektuentzat bezala) nolabait, subjektu zapaltaile-zapalduaren egitura hori urratzeko modu bat da. Horregatik, testigantza ariketa kolektibo eta boteretze politiko bezala hartzen dugu. Ez da nahikoa kontakizuna agertoki publikoan plazaratzea inork ez badu gure kontakizuna entzun, irakurri edo kontuan hartzen. Horregatik, beharrezkoa da mugimendu feministatik testigantza horien euskarri eta zabaltzeko ardura izatea.
Euskal Herrian kontakizun bakarra jazartzeko atakan eta lehian gauden honetan, beharrezkoa da errebindikaziotik memoria kolektiboa egitea. Memoria feministak bide ematen digu, denbora luzez sistema patriarkal edo testuinguru zapaltzaileen ondorioz lekurik izan ez duten euskal emakumeen kontakizunak gatazkaren irakurketa kolektiboan txertatzeko. Gure minen/biolentzien isiltasuna jada ez da aukera bat. Ekintza feministak, justizia egiteko bidean hitza hartzeko betebeharra dakar, biziraun dugunongatik eta hil dituztenengatik. Gure ahotsekin memoria kolektiboa osatzea da euskal gatazkaren konponbidean ekarpena. Eman diezaiogun bidea, garatu dezagun elkarrekin memoria historiko feminista!
Tatuaiak
Gure herri zahar zapalduaren historia daramat
gorputzean tatuatua,
itxi gabeko itxi nahi ditudan zaurien estalki
eta bizi dugun injustiziaren adierazgarri.
Odola dute tinta nire tatuaiek
konpromezuarena, duintasunarena
borrokarena, elkartasunarena
eta bidean erori direnena,
egunen batean memoria historikoan
idatziko, aitortuko eta oroituko ditugun ororena.