Baserria bizimodu aukera bat dela adierazi du Mikel Arteagak: “Bizimodua bertan egiteak badu bere xarma. Oso toki sanoa da bizitzeko”. Bizimodu on bat ematen diola onartu du esnetarako behiekin lan egiteak, eta gustuko tokia du. Hala ere, ez du baztertzen duen gogortasuna. 22 urterekin hartu zuen baserrian aitaren lekukoa, eta harrez gero esnetarako behiekin ari da lanean.
2000. urtean beste pauso garrantzitsu bat eman zuen lehengusuarekin batera elkarte bat sortuz. Ezker-eskuin bi bizitza ditu Bulano baserriak, eta lan bera egiten zuten.
Eguneroko arrunta duela kontatu du Arteagak, eta urtaro bat aukeratzekotan udaberria du gustuko. Aldiz, urteek aurrera egin ahala, toki aldapatsuak gustatzen zaizkio gutxien.
Enba sindikatuko Gipuzkoako lehendakari izana da Arteaga: “Gaztea nintzen eta garai hartan uste dut ezetz ez niola ezeri esaten”. Ezagutza asko eman zion, eta erne ibiltzen ikasi zuela esan du. Era berean, bere azpi sailetik kanpoko lanekin arantzatxo bat du geldituta, nahi beste ez zuelakoan egin.
Etorkizuna nahiko ilun ikusten du. Baserriak uzten joan direla dio, eta lo egiteko toki bilakatu direla asko eta asko. Baserria ez da hori asteasuarrarentzat: “Baserria ustialeku bat da”, eta “bizimodu zaila da, lan askokoa, eta baserriko lana ez da erraza. Gogoa duzu, edo bizitu eta ikasi duzu, edo asko kostatzen da”, argitzen du.
Baloratua sentitzen da: “Gizarteari gustatzen zaio egiten duguna, beste gauza bat da hori ordaintzeko prest dagoen”.
Bazterrean ez, baina gizartearengandik “gero eta urrutiago ote gauden sentitzen dut”, dio eta "bizimodu aukera moduan, gero eta gutxiagok hartzen dute”.
Hemengoa ote den edo ez jendeak gutxien begiratzen duen produktutzat du esnea: “Guk ekoizten duguna baino askoz ere gehiago kontsumitzen da Euskal Herrian, orduan kanpotik ekarri behar da”.
Gogoa izan eta baserria gustuko duen pertsona oro animatzen du baserritik bizitzera, baina beti ere errealitatea mahai gainean jarriz: “Hau bizimodu gogorra, neketsua eta oso lotua da. Horrek ez badizu axola, ondo biziko zara eta aurrera”. Motxera begira, ordea, ez du egoerari buelta emateko aukerarik ikusten. Egoeraren aurrean "pena handia" sentitzen du.