Mikel Arteaga baserritarra da, eta beste baserritar asko bezala kalera atera da protesta egitera. Esnetarako behiak ditu Asteasuko Bulano baserrian, eta marra gorrira iritsita lanean ari direla azaldu du. Larriki eskaera luzatu du: «Mesedez ez gaitzazue ito».
Abuztuan protestan arituak zarete esnearen prezioa igotzeko eskatuz. Zein da egoera?
Aurtengo egoera guretzat oso berezia da eta oso estua. Urte batzuk hobeak eta beste batzuk okerragoak izaten dira, eta azken batean merkatuak denok dantzan ibiltzen gaitu. Alde batetik kostuak direla, eta bestetik jasotzen duguna, oreka hori lortzea eta mozkin-marjina ateratzea nahiko zaila da. Esnea, zoritxarrez, eta nik beti horrela ezagutu dut, eta jada etsi dut ez dugula aldatuko. Gehien-gehiengoa banatzaileen bidez saltzen da, batik bat denda handietan eta txikiak ere banatzaileen eskuetan daude. Hor saltzen da esnea, nahiz eta mila ahalegin egin diren: zuzenean saldu, makinak jarri,... Litro gutxi batzuk mugituko dituzu, baina azkenean esnearen %97tik gora banatzaileen bidez saltzen dela esaten da. Zoritxarrez, haientzako gantxo moduko bat da. Eskaintza moduko produktua da, eta esnearen erreferentzia asko erabiltzen dituzte. Hori dugu.
Kalera ateratzeko beharra sentitu duzue?
Azken bi urteetan, bereziki, behin eta berriz ohartarazten ari ginen errentagarritasunean marra gorrira iritsita geundela, eta kontuz ibiltzeko. Marra gorritik aurrera ez dugu soldatarik lortzen, eta galeretan sartzen gara. Justu, iaz, baten bati bururatu zitzaion dirua egitea zerealarekin, eta pentsuak igo eta igo hasi dira %25-30a, eta jasotzen duguna bera da. Kolperik handiena hori izan zen, baina pentsuaren atzetik datoz gasolioa, argindarra,... Zoratu da guztia, eta kostuetan dena gora doa, eta sarrera bera mantentzen dugu. Aurtengo egoera oso-oso larria da, eta protestak egiten hasi ginen.
Zer da eskatzen duzuena?
Guk ere hortik bizi ahal izatea. Besterik gabe, gu esnearen azken katea gara: ekoizleak. Gero dago esnea eramaten duen kamioi gidaria, ontziratu behar duena, dendara eraman behar duen beste gidaria eta dendak ere zerbait irabazi behar du. Gu azkenak gara eta ikusten dugu kate guztia den-dena estutu eta izorratu dela. Gure ahotsa besterik ez da izan. Guk ez dugu inor molestatu nahi, baina entzun dezatela.
Ez zenukete lehenak izan behar?
Berez horrela izan beharko luke, baina etsi dut ez garela izango. Baina gutxienez ahotsa altxa, eta bizi bakarrik egin nahi dugula esan nahi dugu. Jornal txiki bat ateratzea besterik ez dugu nahi. Horretarako, hainbeste eskaintza egiteari, bata bestearekin borrokan aritzeari eta horrenbeste estutzeari utzi behar diote. Beraiek badakite oso ondo zer egiten duten, eta prezio horiek mugitu beharra daude. Horiek ez badute mugitzen, kate osoan ez dago margenik inorentzat. Hasi dira zerbait. Azken egun hauetan baditugu berriak, eta bi edo hiru kate hasi dira zentimo bat edo beste mugitzen.
Egungo egoeran zaila da aurrera egitea?
Egungoa hartzen baldin badut bai. Eskerrak hau luzea izaten den. Behiak umea egiten du eta urtebetean esnea ematen ari da, eta hurrengo urtean berriz umea egingo du, eta esnea ematen jarraituko du. Hau luzerako da. Ezin da egun batean atea itxi eta bestean ireki. Gaur, irailean, galerak izaten ari gara. Dudarik ez. Bi hilabete baldin badira eutsiko diogu, etxean, eta gastu askorik egin gabe, baina hori konpondu beharra dago. Soldata erdi edo laurden batekin edozein pertsonak eutsi omen dezake, baina bakoitzak bere larruan begiratu beharko luke, eta hori besteei esatea errazagoa da norberak jasatea baino.
Mugimenduak hasi direla aipatu duzu. Baikor zaudete?
Baikorra nahi dut izan. Behar-beharrezkoa da, jakina da eta ondo dakite hori.
Noren esku dago aldaketa?
Banatzaile kateak guztira lau edo bost dira. Elkarren arteko borrokan, tartean zein erortzen eta zein itotzen den bost axola zaie, eta horrela gaude. Lehendabizikoa hori da, eta guk ahotsa altxa dugu: ondo dago merkatuan zuen lanak egitea, zuen borrokak egitea, baina eguneroko janaria eta gertutasunezko janari hori egiten dugunok, eta hori gizarteari eskaintzen diogunok eskatzen dizkiguten baldintza guztiekin; hau da, osasun kalitatea, ingurumena dela, animalien ongizatea,... eskatzen diguten guztiarekin prest gaude, baina ez gaitzazue ito. Edozeinek dauzka urtean zazpi euro gehiago esnea erosteko. Guk hori eskatzen dugu. Kontsumoaren arabera hamar zentimo horiek banatzeko. Bost guretzako eta gainerakoak katean dauden gainerakoentzako. Urtean biztanleko zazpi euro gehiago suposatzen du. Behar baduzue esnea, mesedez ez gaitzazue ito zazpi eurorengatik.
Baserri asko desagertu dira. Zuen ateak ixtea gerta daiteke?
Bai. Gero eta hobeto, eta gero eta merkeago egite horrek muga bat du. Muga hori zapalduz gabiltza, eta hor arriskua handia da. Berez nahikoa zailtasun badauzkagu gure gazteak animatzen, eta horrelako momentuetan, normala den moduan, alde egiten dute.