Ez dira garai samurrak lehen sektorearentzat. Ekainean, aziendarako elikagai, pentsu, argindar eta gasolioaren prezioen igoerak sortutako itomena salatu zuten Euskal Herriko hainbat baserritarrek. Horrez gain izan dituzten arazoei, beste bat gehitu zaie orain gutxi: behi esnearen gutxiengo salneurriarena.
Pasa den abuztuaren 25ean, dozenaka ibilgailu eta traktorek hartu zuten parte ENBA eta EHNE sindikatuek deitutako Esne Martxan, Usurbilen hasi eta Hernanin amaitu zen manifestazioan. «Pentsuak jaten gaitu»; «Esneak itotzen gaitu»; «Banaketa kateek kateatuta gauzkate». Mezu horiekin eta gehiagorekin aldarrikatu zuten zenbait aldaketa behar dituztela, lehenbailehen. Esne ekoizleek bizi duten egoera larria islatu eta produktuaren duintasuna aldarrikatu zuten bi sindikatuetako lehendakariek, esne katean guztiz erabakigarria den distribuzioaren aurrean.
Hain justu, banaketa kate ezberdinekin biltzen ari direla jakinarazi zuten bi sindikatuetako ordezkariek. Bost enpresekin aritu dira kostuen garestitzeak eragin duen egoeraren inguruan. «Beraien jarrera ezagutu nahi genuen, salmenta bolumen handia pilatu delako, eta beraz, zuzeneko erantzukizuna dutelako. Hitz polit ugari esan dizkigute, baina apenas izan dugu emaitzarik; jasotakoak, ekoizleek bizi duten krisi sakona kontuan izanez gero, positiboak izan arren, oso motz geratzen dira».
Enpresa guztiek esan diete batek igoz gero besteek ere igo behar dituztela prezioak. «Ekoizleei ez diete gehiago ordaintzen, eta baserritarrak ari dira bere bizkar hartzen kostuen garestitzea. Ahal duten guztia egiten ari direla diote, baina bizilagunaren bizkar jartzen dute ardura. Oso ondo dakite zein den gure egoera; beraz, oraindik sokari tiraka jarraitu beharko dugula dirudi», esan dute.
Esne katea eta katebegia, itolarrian
Herritar oro distribuzioak duen garrantziaz jabetzeko, hiru gako nagusi nabarmentzen dituzte sindikatuek. Batetik, estatuan saltzen den esnearen %92a antolatutako merkataritza edo distribuzioko formatu ezberdinetan saltzen da. «Ia esne guztia distribuzioaren eskuetatik iristen da kontsumitzaileengana». Bestetik, Espainiako Ministerioko Prezioen Behatokiak egindako azterketak, esnearen salneurria 68 zentimotan finkatu berri du, «iazko udazkenean pentsuak izandako igoera kontuan izan gabe».
Azkenik, eta prezioekin jarraituz, estatuan saltzen den esnearen ia %45a, 60 zentimo azpitik saltzen da, Behatokiak ezartzen duen salneurriaren azpitik. «Egoera hau azaltzen duen faktorea distribuzio markek, hau da, marka zuriek, duten pisua da, esne munduan esnearen %56a baitira», adierazi dute sindikatuek. «Ondorioz, argi geratzen da, distribuzioa eta euren esne marka propioen salneurri baxuak direla gaur egun bizi dugun egoeraren giltzarrietako bat», gaineratu dute.
Distribuzio kate ezberdinek, bakoitzak bere merkatu kuotaren araberako ardurarekin, baina guztiek ardura dutela azpimarratu dute. «Euren salneurriak egokitu ditzatela exijitzen diegu, esne kate osoko kostuak estaltzeko moduko prezioak ezarriz. Bere salneurri baxuko politikarekin esne katea itotzen dute, eta bereziki, esne kateko katebegi ahulena den ekoizlea. Esne ekoizle txikiak galtzaile bilakatzen dira, banaketa talde handiek irabazi handiak dituzten bitartean. Hortaz, baserritarren errentagarritasuna bermatzeko, eta Behatokiak egindako azterketa oinarri hartuta, esnearen gutxieneko salneurria 70 zentimotan finkatuz».
Banaketaren papera eta garrantzia azpimarratzeaz gain, sindikatuek dei berezia egiten diete Euskal Herriko kontsumitzaileei. «Beraien aldetik esne duinaren aldeko apustua egin dezaten eskatzen diegu, neurri handi batean, euren eskuetan baitago esnea ekoizten duten baserritarren etorkizuna eta horiek kudeatzen duten lursailena ere».
Baina errebindikazio jakin horretatik harago, nekazariek eta abeltzainek arreta handiagoa nahi dute lehen sektorearentzat, esneaz gain, haragiaren eta beste zenbait produkturen kostuak garestitze handiak izaten ari baitira. «Xehetasun ezberdinekin, baina finean, egiturazko arazo bati buruz ari gara: baserriak bideragarri izan behar du bidezko prezioekin. Prezioak izozturik ditugu». Hori dela eta, EAEko Elikagai Katearen Legea behin betiko onartzea eskatu dute EHNE-k eta ENBA-k, «gardentasunez eta orekaz, katebegi guztiei errentagarritasuna emateko, eta gehiegizko jardunbideak galarazteko».