Asteasuko Elizmendi auzotik abiatuta Tranpazuloraino doa Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratzen dituen Muskerraren Bidea. Ibilbideak 17 geltoki ditu eta 2.160 metro, eta eskuko telefonoan Bernardo Atxaga idazlearen azalpenak entzuteko aukera dago, geltokietan dauden QR kodeei esker. Obaba lurraldeari lotutako kultur gaiak eta bertako pertsonaiei buruzko azalpenak entzun daitezke ibilbidea egiten den bitartean. Muskerraren Bideak Atxagak sortutako Obaba herrian murgiltzeko bide ematen du, hortaz.
Idazleak berak proposatu zuen ibilbidea egitea eta 2015ean egin zuten posible, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin elkarlanean.
Azken urteetan gainera, bisita gidatuak eskaintzen ditu udalak, eta irailaren 5ean izango da hurrengo hitzordua. 11:00etan aterako dira plazatik, eta aurrez eman behar da izena 943 691 907 telefono zenbakira deituta edo udala@asteasu.eus helbidera idatzita.
Hiri barneko ibilbidea da Muskerraren Bidea eta familiarekin egiteko moduko txangoa da, baina Asteasu herrigunea baino askoz gehiago da, eta hori ere erakutsi nahi diote herritarrei eta kanpotarrei, beste lau ibilbiderekin.
Ibilbide sorta
Asteasu-Obaba Bide Herria ekimenaren barruan kokatu behar dira ibilbide horiek, izan ere, aspaldi, mendi bideen elkargune garrantzitsua izen zen herria eta horiek erakusten dituzte.
Lehen ibilbideak Erreka Bailara du izena, eta herriko errota zaharrak erakusten ditu hiru kilometrotan, besteak beste, XIV. mendeko baten aztarnak. Uraren inguruan sortutako ofizioak eta eraikinak dira ibilbideko muina, beraz. 3.5 kilometro ditu, ordu betean egin daiteke eta ibilbide erraza da.
Mendizaleentzakoa da Usarrabiko Bira deiturikoa: hamasei kilometro ditu, eta Zelatungo lepora heltzen da. Hernio mendia Zelatundik inguratzen duen ibilbide zirkularra da, guzietan luzeena, 4-5 ordutan egiteko modukoa.
Olazarko Ibilbidean, sei kilometro eroso egin, eta, besteak beste, burdinola ikus daiteke. Larraulgo herriarekin elkarlanean egindako bidea da, eta bi herriak zeharkatzen ditu. Bi ordu eta erdian egin daiteke eta erraza da. Naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duen ibilbidea da eta paraje ederrak ikusteko aukera ematen du.
Santamañako ibilbidea ere badago. Santuari eskainitako baselizara joateko aukera ematen du ibilbideak. Kondairaren arabera, tenplarioek eraiki zuten baseliza, baina historialarien arabera ez, nahiz eta garaikoa izan. Barruan, Santa Marina agertzen da erretaula berezi eta eguneratu batean.
Badu sekreturik erretaulak, bertan zulo bat baitago. Asteasuko zaharrek esaten dutenez, han burua sartu eta hiru kredo errezatzen dituenak ez du aurrerantzean, amesgaiztorik izango. Ibilbide errazekoa da azken ibilbide hau, 5 kilometro ditu eta 2 orduko iraupena.
Muskerraren Bidea
- Helbidea. Herriko plaza, Asteasu
- Telefono zenbakia. 943 691 907
- E-maila. udala@asteasu.eus
- Bisita gidatua. Irailaren 5ean, 11:00etan. Aurrez eman behar da izena.