Elizegi izango da eskualdeko ordezkari bakarra

Ataria 2020ko abe. 30a, 16:13

Aurkezpenean izan diren pilotariak, Bilboko pilotalekuan. BAIKO

Asteasuarrak, Arteaga II.arekin osatuko du bikotea Promozio Mailako Eskuz Binakako Txapelketan. Ostiralean jokatuko dute lehen partida, Larrazabal-Eskiroz bikotearen aurka.

Atzo, Lehen Mailako Eskuz Binakako Pilota Txapelketa aurkeztu zuten leku berean egin dute, gaur, Promozio Mailako Txapelketaren aurkezpena. Bilboko Bizkaia pilotalekuan izan dira aurten parte hartuko duten pilotarietako batzuk. Guztira, zortzi bikotek hartuko dute parte, Baiko eta Aspe enpresetako launa: Zubizarreta III-Uriondo, Arteaga II-Elizegi, Alberdi-Salaverri II eta Larrazabal-Eskiroz Baikoren aldetik; Elordi-Garmendia, Salaberria-O. Etxebarria, Egiguren V-Ruiz eta Zabala-Erostarbe Aspetik.

Ondorioz, eskualdeko ordezkari bakarra izango da aurtengo edizioan: aurten debuta egin duen Iker Elizegi asteasuarra. Iaz, Tolosaldeko hiru pilotari izan ziren, hirurak Baikokoak: Peña II.a, Erasun eta Urretabizkaia. Aurten, Lehen Mailako Txapelketan ariko da tolosarra; zizurkildarrak eta ikaztegietarrak, berriz, ordezko modura jokatzeko itxaron beharko dute. 

Pilotari guztien artean, Iosu Eskirozena da izen aipagarriena. Baikok abuztuan enpresatik kanpo utzi ondoren, enpresako hainbat pilotariren presioaren eraginez, azaroaren erdialdera jakinarazi zuten berriz ere kontratua egingo ziotela atzelari nafarrari, urte berriarekin batera jokatzen hasteko. Hain justu, Arteaga II.a eta Elizegiren aurka neurtuko ditu indarrak, Larrazabalekin bikotea osatuz. Urte berri egunean izango da partida, txapelketari hasiera emango diona, Eibarko Astelena pilotalekuan.

Bestalde, Baikok jakinarazi du Endika Uriondo atzelari debutatu berriak positibo eman duela Covid-19an eta, beraz, hamar egunez egon beharko duela jokatu eta entrenatu gabe. Astelehenean jokatu behar zuen, Irunen, Zubizarreta III.arekin batera, Alberdi eta Salaverriren kontra, baina ordezkoa ez dute jakinarazi oraindik.

Lehiaketa sistema lehen mailako txapelketaren berdina izango da: zazpi jardunaldiko bi itzuli osatuko dituzte, orotara hamalau jardunaldi izango dituen sailkapen ligaxkan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen direnek finalerdietarako sailkatze partidak jokatuko dituzte. Jaiegunik ezean, lau pilota jaialdi izango dira astebururo, ostiraletik astelehenera. Finala, berriz, maiatzaren 8an jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!