Amaia Iturriotzek irabazi du II. Pello Errota Bertsolari Txapelketako finala

Leyre Carrasco 2020ko abenduaren 27a

Guztira Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik parte hartu zuten aurten ospatu den Pello Errota Bertsolari Txapelketako bigarren edizioan. Gaur ospatu dute txapelketako finala eta Amaia Iturriotzek lortu du txapela janztea.

Amaia Iturriotz izan da gaur Asteasuko frontoian ospatu den II. Pello Errota Bertsolari Txapelketako finaleko irabazlea. Hasiera batean azaroaren 1ean egitekoa zen aurtengo Pello Errota Bertsolari Sariketaren finala, Asteasun. Gobernuak ezarritako alarma egoera zela eta, antolatzaileek finala bertan behera utzi behar izan zuten, ordea. Baina Gobernuak legeak malgutu zituenez, finala gaur, abenduaren 27an egingo zela iragarri zuten Harituz Bertsozale Taldeak eta Asteasuko Udalak. Hiru gizon eta hiru emakume aritu dira kantuan gaurko final handian: Amaia Iturriotz, Erika Lagoma, Iñigo Izagirre, Izarne Zelaia, Jon Martin eta Unai Mendizabal. Aurkezle lanetan, berriz, Maddi Labaka aritu da.

Amaia Iturriotzek lortu du aurtengo txapela janztea. Bigarren postua berriz, Jon Martinek eskuratu du, eta atzetik segika zuela, hirugarren postua Iñigo Izagirrerentzat izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!