“Txikitasun honetan pozik bizi gara”

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 2a, 19:58

Olatz Albisuk eta Mikel Alkortak Asteasuko Lizolateine baserriko ateak zabaldu dizkiote Baserritik saioari. Mendian bizi nahi zuten, eta erabaki horri tiraka, baserria erosi, atondu, hiru seme-alabako familia osatu, eta baserritik bizitzeko erabakia ere hartua dute. Baratze ekologikoan egiten dute lana, eta Donostiako Egia auzoko familietan banatzen dituzte barazkiz betetako otarrak.

Naturarekin duten harreman estua transmititzen du Olatz Albisu eta Mikel Artolak osatutako bikoteak. Bizimodu bat lantzen dute, eta horrekin batera ingurua. “Nahiz eta animalia batzuk eduki larreak eta zaintzeko, baratzea izan da betidanik gustatu izan zaiguna”, dio Alkortak.

 

Gozatzen hasi ziren emandako pausuarekin, baina beldur puntu bat ere izan zuten hasieran. Era berean, otar kopurua handitu beharra ere ikusten zuten.  Albisuk baserriko martxan egiten dutela lan kontatu du, eta beste malgutasun bat dutela eguneroko lanak antolatzeko. "Bizitzeko modu bat da, lurrari lotuta, eta hor dago gakoa", argitzen du. Aste honetan jateko zer nahi dut baino, zer daukat pentsatu behar dugula ere aldarrikatzen du.

 

Jakitun dira, eta batek baino gehiagok esan diete, oraingo egoerarekin baloreak hartu dituztela tokiek eta jakiek, baina beraiek garbi dute orain ederki bizi direla, baina baita lehen ere. Naturak lasaitasuna transmititzeko duen gaitasuna ere azpimarratu dute.

 

"Zer hobetua" dutela uste duten arren, "puntu polit batera" iritsi direla aitortzen du Alkortak. Eta asmo eta ideia berriak ere badituzte esku artean.

 

Bukatzeko, Alkortak garbi adierazten du, "borroka dezentekoa egin beharra dago lehen sektore indartsu bat nahi badugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!