[GUTUNA] "Arazoa sistema patriarkal, arrazista eta kapitalista da"

Nekane Txapartegi Nieve 2020ko urr. 12a, 14:59

Nekane Txapartegik Lurgatz talde feministak antolatutako mahai inguruan hartuko du parte urriaren 14an. "Espetxeak arazoa zu zarela berresten saiatzen dira eta mugimendu feministatik pentsaera hori irauli behar dugu", aipatu du gutun honetan Asteasuko iheslari politikoak.

Gizonek gizonentzako eginiko ezleku batean, emakumeok otzan hezteko ahaleginak eta bi egiten ditu espetxe sistema patriarkalak. Hierarkikoki osaturiko instituzioan emakumeoi apurtu ditugun rolak hausteagatik zigortzen gaituzte. Gure beharrak aintzat ez hartzeaz gain, gure errua dela ez konformatzea eta arazoa gu garela erakusarazten saiatzen dira etengabe. Espetxean jasaten dugun isolamenduari, urruntzeari... zigor areagotua erantsiz. Zapalketa bikoitza eta hirukoitza da emakume presook eta preso amok jasaten duguna, espetxera ekarri gintuzten arrazoiei, ez "obeditzeagatik" ezartzen zaigun zigorra gehitzen baitzaio.

Horretarako espetxeko eguneroko bizitzan emakume presooi "gizarteratzeko", isolamendua apurtzeko ematen zaizkigun aukerak guztiz hetero-normatibo, sexista eta patriarkalak dira: garbitu, lisatu eta horrelakoak...

Barruan gure gorputzaren eta pentsaeraren kontrol saiakera eguneroko ogia den bitartean, kanpoan gizarteak sozialki zigortzen gaitu eta ez gu bakarrik baita gure familiako emakumeak ere. Barrukoak familia lehenetsi ez dugulako kritikatuak, haurrik ez baditugu ez ditugulako eta baditugu utzi egin ditugulako. Denek dakite zer den ama ona izatea eta zer ez!!! Gure etxekoak, berriz, emakume bezala guk hautatu dugunagatik zigortuak. Izan ere, ez baikara etxean gelditu familia zaintzeko eta hori gogoratu behar zaie, alaba txarrak garela. Ez dugula patriarkatuak esperotakoa bete!! Horrez gain, normaltzat jotzen da beraiek zaindu behar gaituztela, gure arropak prestatu, bidaiarako janaria bisitarientzat prestatu edota astero milaka kilometro egin kristal batek banatura ikusteko.

Espetxeek eta estatuek gure haurrak zigortzen dituzte gure haurrak izateagatik soilik eta kanpoan amatasun instituzio patriarkalarekin eta zigor sozialarekin topatzen gara. Horregatik, garaia da emakume* izateaz eta zaintza lanez hitz egiteko! Ikusi berri dugu koronabirus garaian ere krisiaren zama emakumeongan* erori dela eta ez dezagun utzi kartzelaren zaintza zama ere gure gain gera dadin!!!

Utzi genituen etxeak, utzi genituen familiak, kendu zizkiguten haurrak... eta utzi genituen beldurrak! Besteek zer esango dutenarenak, eta ariketa hori egin beharko genuke denok, zaintzan ari garenok eta bereziki gure gain zaintza lanak uzten ditun horiek! Horretarako aukera, urriaren 14an Villabonako Mintzolan Lurgatz Talde Feministak antolatutako Emakumea*, Espetxea, Zaintza mahai inguruan izango dugu.

Nekane Txapartegi Nieve

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!