"Bertso eskolei nola hala eutsi diegu, baina aisialdian eragin ditu gehienbat"

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 4a, 17:00

Eskualdeko herrietan Harituzek antolatzen dituen bertso eskolak kudeatzeaz arduratzen da, besteak beste, Haritz Mujika (Asteasu, 1995). Koronabirusa dela eta, ikasturte amaiera hankaz gora jarri zaie, baina, hala ere, prest dira hurrengo ikasturteari ekiteko.

Zer moduz joan da aurtengo ikasturtea?

Nahiko desberdina izan da beste ikasturteetatik. Bertso eskolen ikasturteari nola hala eutsi ahal izan diogu, baina aisialdiko ekintzetan eragin digu gehienbat. Aurtengo ikasturteak hutsune hori izango du.

Klaseekin nola egin duzue aurrera?

Haurren taldeei begira, astero azalpen bideo bat grabatzen nuen, eta ordubeteko saiotxo bat proposatuz bideoa bidali eta hori egiteko beharrezko materiala eskaintzen nien. Eta helduagoen taldeekin, berriz, bideo dei bidez egin ditugu bertso eskola saioak, eta bi formak erabiliz nahiko ondo funtzionatu dugu egia esan; umeen kasuan, askatasun osoa izan dute aste osoan zehar nahi zutenean haien saioa egiteko, eta helduen kasuan, berriz, beharrezkoa zutelako beste ikaskideen parte hartzea eta laguntza.

Oztoporik badu horrela aritzeak?

Aurrez aurreko klaseetan emaitza unean ikusten da, progresioa ere astero baloratzeko aukera daukazu eta etxetik hori oso zaila da. Bat-bateko jardun hori difuminatu egiten da, eta etxean pentsatzeko denbora gehiago hartzen dute. Beraz, bat-batekotasun hori galdu egiten da, eta hori bai dela oztopo bat bertso eskolen kasuan. Horrez gain, ikasleekin aurrez aurre egon ezin izanak, konfiantzari eragiten dio, harreman humanoari eragiten dio eta motibazioari ere zer esanik ez. Azken finean ikasleak taldean sentitzen dira gustura, talde giro bikaina daukagu eta horren faltak ikasleei motibazioan zuzenean eragin diela, negatiboki.

Zein aisialdi ekintza utzi behar izan dituzue bertan behera?

Esate baterako, martxo amaierarako bertso eskoletako ikasleen asteburu pasa geneukan aurreikusita. Ondoren, maiatzean, batetik, Harituz eguna ospatu nahi genuen, eta baita Gipuzkoako bertso eskoletako umeen egun pasa ere. Horrez zain, ekainaren 12an Larraulen egitekoak ginen bertso jarrien afaria bertan behera utzi behar izan dugu. Eta ikasturte amaierako saioak ere ez dira egingo.

Hurrengo urtera begira, ikasleak bertso eskoletan apuntatzera animatu nahi dituzue.

Apuntatzen diren haurrak interes propioz apuntatzen dira. Oso talde anitzak dauzkagu, bai generoari, bai hizkuntza mailari, haur kopuruari eta baita zaletasunei begira ere. Horrek oso talde berezi eta politak sortzea eragiten du. Egia esan, eskolan eta eskolaz kanpoko jardueran baztertuta edo sentitzen diren ikasle askok, bertso eskolan topatzen dute euren lekua eta hori guretzat oso pozgarria da. Hor irabazten du zentzua bertso eskolen filosofiak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!