Ikasturtea amaitzerako, datorrena prestatu behar

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 4a, 16:00

Zabalik da Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatzen dituen bertso eskoletan izena emateko epea; ekainaren 19a izango da azken eguna.

Harituz jarri da dagoeneko hurrengo ikasturteari begira. Bertso eskolako talde eta ordutegiak antolatzen hasiak dira, eta zabalik dute izen-emate epea. Ekainaren 19a izango da apuntatzeko azken eguna. Deialdia 10 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoei bideratu diete bereziki, baina bertsolaritzarekiko interesa duten beste adinetako ikasleak ere izena ematera gonbidatu nahi ditu Harituzek.

Bertso eskoletan izena eman ahal izateko bi modu jarri dituzte: harituz.bzt@gmail.com helbidera mezu bat bidalita, edota ikastetxe eta udaletxeetatik bidaltzen ari diren izen-emate fitxa Internetez beteta.

Izena eman duten ikasleekin Harituzeko arduraduna jarriko da harremanetan, taldeak antolatu eta ordutegiak ikasleen egunerokora egokitu ahal izateko.

Amaitzear den ikasturtean 60 ikasle inguruk parte hartu dute eskualdean osatu diren bertso eskoletan, bederatzi herri eta hamalau taldetan banatuta. «Amaitzen ari den ikasturtearen balorazioa oso positiboa da. Kuantitatiboki zein kualitatiboki aurrerapauso handia egin dugula uste dut eta datorren ikasturtean ere joera horri eustea da helburua», aipatu du Haritz Mujika Harituzeko koordinatzaileak.

Bertso eskolek ikasleengan dituzten onurak kontuan hartu beharrekoak direla uste du Mujikak: «Bertso eskoletan sortzen den talde giroa eta laguntasun harremana berezia da eta hori interes eta ezaugarri oso desberdinetako ikasleak elkartzeak eragiten du. Bertso eskoletan guztien ahotsa entzuten da eta denek topa dezakete euren lekua». Horrez gain, bat-batean sortzeak, euskararekin etengabe jolasean aritzeak eta kantatzeak haur eta gazteei «sekulako motibazioa» pizten diela aitortu du eta ikasle guztiek «aurrerapauso handiak» egiten dituztela denbora tarte laburrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!