Anttine Eguna ospatzen ari dira Asteasun

Ataria 2020ko otsailaren 29a

Kikarakada proiektua egunaren erdigunean jarrita, festa eguna dute gaur Asteasun; gauera arte luzatuko dituzte ekitaldiak.

Jolasean hasi dute eguna Asteasun, Anttine Egunean. Familiarteko jolasaldia bultzatzea helburu, gin-kana egin dute 35 familia inguruk herriko kaleetan barrena. Mattin Gizarte Abenturakoak aritu dira antolaketa horretan. Jolasak amaitzean, txokolatea dastatzeko aukera izan dute Kikarakadako lagunen eskutik. Bizkotxo zati bana ere jan dute.

Horren ostean, Kuku Arten eskutik, kamiseta bana atondu dute haurrek gurasoen laguntzaz. Frontoian prestatu dute tailerra, eta bakoitzak bere lana bukatzean, Zatzaizkit proiektuko kideek jaso dituzte kamiseta guztiak; pintura lehortzeko beroaldi bat emanda utziko dituzte berriro bueltan, Patxine tabernan, 16:30etatik aurrera.

Eguerdian, Ama tabernako kideek pintxo eta mokaduak jarri dituzte dastatzeko Patxinen, eta bien bitartean Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertso triki poteoan aritu dira, herriko trikitilarien laguntzaz.

Honakoa da arratsalderako egitaraua:

16:30-17:45. Herriko elektrotxaranga.

18:00-21:00. Kontzertuak: Perre / Leire Letu / Habi.

18:00-21:00. Zatzaizkit estanpak zuzenean. Egunerako prestaturiko diseinu bat zuzenean nola estanpatzen den ikusi eta bakoitzak berea estanpatzeko aukera izango du.

20:00-22:30. Ama taberna. Pintxoak eta mokaduak.

22:30-02:00. Zigor DZ.

Egun guztian zehar: Kikarakada proiektuaren inguruko informazioa eta bestelakoak eskuragarri izango dira. Postu solidario bat egongo da eskolako materiala eta arropa biltzeko, Kikarakada proiektuari laguntza emateko.

Beertoki elkartearen Kazalis garagardoa dastatzeko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!