Elkartasun keinua Asteasutik

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ots. 27a, 18:00

Lagun kuadrilla bat direla aitortu dute Anttine Egunaren antolatzaileek, baina guztiek dute proiektu ezberdinen bat martxan. Gazte ekintzaileak dira, eta elkartzera eta gauzak antolatzera animatu nahi dituzte gazteak.

Beñat Garcia Mattin Gizarte Abenturakoa, Beñat Iraola Zatzaizkit proiektukoa eta Gorka Rico Ama tabernakoa dira Anttine Egunaren antolatzaileetako batzuk, Beertoki eta Patxine jatetxekoekin batera. Guztien osaketarekin, herriari egun bat eskaini nahi izan diote, eta, kasu honetan, Asteasuko Kale Nagusiak hartuko du Anttine Eguna.

Otsailaren 29a aukeratu dute festa egiteko, eta egun guztiaren erdigunean Kikarakada proiektua jarri dute. Antolatzaileek elkartasun keinu bat egin nahi izan diote egitasmo horri, eta Oraitz Garcia Kikarakadakoa eskertuta eta pozik agertu da: “Lesbosko errealitatea kontatzeko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko aukera emango digu”.

Festa eguna da, baina haurrak ere txertatu nahi izan dituzte, eta ez da edozein egun, “antzinako balioak” berreskuratu nahi baitituzte. “Patxine jatetxeak egun bat antolatu nahi zuen, eta nik esan nion ea zergatik ez genuen antolatzen balio batzuk erakusten dituen egun bat”, kontatu du Mattin Gizarte Abenturako Beñat Garciak. “Gure lan eta balioekin, antzinako balioetara bueltatu nahi dugu, eta hortik dator Anttine izena: antzina eta Patxine-ren baturatik”, argitu du.

Balioei tiraka, familiei begira hasiko dute eguna. 32 familiak eman dute izena, eta, beraz, haien aurreikuspen guztiak bete dira. Mapa bat emango diete, eta herrian zehar puntu jakin batzuk aurkitu beharko dituzte; puntu horietan, jolasak izango dituzte zain. “Familia arteko jolasaldia berreskuratu nahi izan dut”, dio Beñat Garciak, eta gehitu: “Askotan, galdu egin da gurasoek haurrekin jolastea, eta baita gurasoek elkarrekin jolastea ere. Hori berreskuratzeko egingo den gin-kana bat da goizekoa”.

Jolasek Kuku Art egitasmoari emango diote lekukoa, eta, bertan, gurasoak eta haurrak serigrafiarekin lanean jarriko ditu Zatzaizkit proiektuko Beñat Iraolak. “Umeengan artea eta diseinua gutxi bultzatzen direla ikusten dut. Ni 3 urteko ilobarekin aritzen naiz probak egiten. Beste haur eta familiekin praktikan jartzeko polita iruditzen zitzaidan, eta hortik sortu da Kuku Art”. Familiako umeek, era librean, kamiseta bana atondu beharko dute, eta, gurasoek lagundu egin beharko diete: “Helburua ondo pasatzea da. Pintura eta tinta ezberdinak ezagutzea, eskuak bustitzea, eta konturatzea beraien eskuekin kamiseta bat egin dezaketela”. Baina hori ez da Iraolak eskainiko duen jarduera bakarra. Helduentzat, arratsaldeko kontzertuekin batera, xafla edo paper berezi batzuetan estanpak egiteko aukera izango da Anttine Egunean.

Egun osoko festa batean, jatekorik ezin falta, eta ardura hori Tolosako Ama tabernakoek hartu dute. Ohituta daude sukaldea kanpora ateratzen, eta gustukoa dute festaren parte sentitzea. Kasu honetan, abantaila dute: “Patxine jatetxeko Egoitzek bere sukaldea utziko digu”, azpimarratu du Gorka Ricok. “Festa egin daiteke, baina, jatekorik eta edaririk gabe, ez gara ezer”. Garbi aitortu du lehenengo inauteriak pasatu behar dituztela eta ez direla pentsatzen jarri zer egingo duten Asteasun, “baina kroketak eta mokadutxoak ez dira faltako”. Nola ez, txokolate beroa ere egingo dute.

Lesboserako materiala

Iazko urte amaieran aurkeztu zuten Kikarakada proiektua, eta izan duten “bultzada eta oihartzuna” sinetsi ezinik dabiltzala aitortu du Oraitz Garciak. “Horrelako proiektu bat gauzatzean ez dakizu jendeak zer erantzun emango duen, eta guk zuhurtziaz jokatu genuen”, argitu du. Euskal jendartean oso garrantzitsuak diren hiru zutabek bat egiten dutela dio: kulturak, sukaldaritzak eta elkartasunak. Euskal gizartea errefuxiatuen egoerarekin “sentsibilizatua” baitago.

Lesbosen harrapatuta dauden haur errefuxiatuen hezkuntza baliabideak diruz laguntzea dute helburu, eta, Asteasun, Galder Izagirre eta Gaizka Izagirre proiektuko beste bi kideak ere izango dira, hura ezagutarazten. “Jendeak eskolarako materiala eramateko aukera izango du, eta hori Lesbosera helarazteko ardura izango dugu guk”.

Egun guztian, txokolatezko irribarre gehiago izateko kikarak erosteko aukera izango da, eta baita argitaratu duten liburua eskuratzekoa ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!