Dokumentala eta dokuweba aurkeztu zituzten, eta azpimarratu, guztien eskura daudela ikusi nahi izanez gero. Bizipoza elkartea 35 elkartek osatzen dute, eta bazkide, babesle eta boluntarioz osatutako sarea da. "Egungoa eraldatu eta eskubideak urratuak dituzten haur eta familientzako gizarte inklusiboa eraikitzen lagundu nahi dugu", diote elkartetik. Aniztasunak eta euskarak batzen ditu guztiak.
Agurra dantzatu ostean, momentu hunkigarri bat bizitu zen udaletxeko aretoan, eta txalo zaparrada goxoa jaso zuen Eier asteasuarrak, irakurri zuen mezua entzutean.
Bizipoza elkartekoa da Eier, eta ez zuen hutsik egin nahi izan bere herriko aurkezpenean. Bere bizipenak kontatu zituen. "Ni ospitalean egon nintzenean duela bost urte, hamar urterekin, ez nintzen ondo jabetzen neukan gaixotasuna larria zela. Orain jabetzen naiz, eta orain jabetzen naiz botikek sendatu nindutela, eta botikez gain ere, zer garrantzitsua izan zen mediku hain onak ondoan izatea; eta familiaren maitasuna sentitzea. Eta baita Aspanogi ondoan izatea ere. Berarengandik ospitalean abantaila ugari ditugulako bai gaixoek eta baita familiek ere. Bizitzan egoera ezohikoak pasatzea tokatu zaigunoi, –izan gaixotasunagatik, izan transexualak izateagatik, izan migratzaileak izateagatik edo beste edozergatik–, jabetzen gara gugatik lan egiten duen elkarte bat ondoan izatea zer garrantzitsua den, bidea samurragoa egiten digulako. Eta elkarte horien artean elkarte bat sortzeak oraindik eta indar gehiago emango du, boluntario gehiago izango duelako eta ekintza gehiago egin ahal izango dituelako. Eta eskertu nahi diet ere, gaixo egon eta dauden haurrei aurrera egiten lagundu, eta gainditzen laguntzen egon diren eta dauden ospitaleko talde guztiei. Bizipoza da ospitalean zaudenean eskulanak egitera Aspanogiko Nekane etortzea, Bizipoza da familian denak osasuntsu egotea, Bizipoza da lagunekin pozik egotea, Bizipoza da munduko umeak pozik ikustea, Bizipoza da Aspanogi bezalako beste elkarteak batzen dituen elkarte bat osatzea eta zer bizipoza gaur Bizipoza gure herrian aurkeztea. Gora Aspanogi eta gora Bizipoza!".
Jarraian, Asteasun presentzia duten hiru elkarteren dokumentalak ikusteko aukera izan zuten bertaratuek. Bizipoza elkartea osatzen duten 35 elkartetatik, Beroa –Gipuzkoako harrera familien elkartea–; Naizen –Adingabe transexualen familien elkartea–, eta Aspanogi, –Gipuzkoako haur onkologikoen familia elkartea–. Dokumental bakoitzaren atzetik, Amaia Agirrek bertsoa abestu zuen Aitor Atxegak gitarraz lagunduta.
Boluntario izan edota babesle izan nahi dutenek, www.bizipoza.eus webgunean dute informazio guztia. Edota zalantzarik izanez gero, bizipoza@bizipoza.eus helbide elektronikora idatzi dezakete mezua. Horrez gain, 647 355 352 zenbakia jarri dute whatsappez mezua bidaltzeko.