'Gure bizipoza, guztiona' ekitaldia, ostiralean, Asteasun

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 28a, 11:59

Bizipozak dokumentala aurkeztuko du udaletxeko aretoan 19:00etan, eta herrian presentzia duten Aspanogi, Beroa eta Naizen elkarteen inguruko lanak ere ikusi ahal izango dira.

Bizipozan biltzen diren 35 elkarteen errealitatea azaleratzeko, elkarteetan biltzen diren familien oztopo eta zailtasunak ikusarazteko eta famili horien egunerokoa erakusteko, ikus-entzunezkoak osatu ditu Bizipozak, Danobat kooperatibaren laguntzaz. Eskualdez eskualde ari dira aurkezpenak egiten, eta Tolosaldean nahiz eta elkarte askok presentzia izan, zehazki, Asteasun kokatuta dauden hiru elkarteren inguruan egin diren bideo laburrak eta Bizipoza elkartearen inguruko dokumentala ikusi ahal izango dira, ostiralean, 19:00etan udaletxeko aretoan.

Ikus-entzunezko bideo horietako bakoitzean elkarteko kideak dira protagonista eta egiten duten lana azaltzeaz gain, familien eguneroko bizimodua erakusten dute. Anabel Arraiza Bizipoza elkarteko kideak azaldu duenez, lan «handia» suposatu du proiektuak. Martxoa bitartean egingo dituzte aurkezpenak eskualdez eskualde, hiriburuetan ibili ondoren. «Asteasun badaude Aspanogi, Gipuzkoako haur onkologikoen familia elkartean antolatuta dauden familiak, baita adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen Naizen elkartean aritzen direnak; Beroa Gipuzkoako harrera familien sarean ere badago Asteasukorik», jakinarazi du Arraizak. Elkarte horietako bakoitzaren ikus-entzunezko laburra emango dute ostiralean udaletxean eta baita Bizipoza elkartea zer den azaltzen duen dokumental luzeagoa ere. Guztiak ikusgai dira www.bizipoza.eus web gunean.

ELKARTEEN ELKARTEA

Bizipoza «gizartegintza» egitasmoa da eta izaera ezberdineko elkarteak biltzen dira bertan. «Izaera berezikoak», dio Arraizak. «Badira batzuk osasunaren alorrean aritzen direnak edo sindrome bat duten haurren gurasoek osatutakoak. Baina, badira familia eredu ezberdinetan bizi diren haurren ingurukoak edo animaliekin terapia egiten duten elkarteak, nazioartean lan egiten dutenak eta oso eremu lokalean aritzen direnak». Aniztasuna da nagusi elkarteen artean, baina Arraizak beste ezaugarri batzuk ere nabarmendu ditu: «Elkartasuna eta auzolana, adibidez, denon artean eraiki nahi dugun gizarte inklusiborako oinarrizko diren baloreak». Euskara ere bada elkarte hauek guztiak biltzen dituen ezaugarria.

Irrien Lagunak klubaren barruan sortu zen elkartasun atalean du abiapuntua Bizipozak eta 2016 urtetik elkarte autonomoa da. 35 elkarte dira gaur egun eta Arraizak nabarmendu duenez, boluntario sare «zabal» bat eratua dute, «proiektua diruz laguntzen duten babesleekin batera». Urtean zehar, besteak beste, Irria aldizkarian hartzen dute parte eta jardunaldi irekiak antolatzen dituzte. Irailean Gipuzkoan antolatuko duten Bizipoza egunaren aurretik, ordea, dokumentalen aurkezpena egingo dute eskualdez eskualde.

Ostiralean Asteasuko udaletxeko aretoan, herriko dantzariak, Amaia Agirre bertsolaria eta Aitor Atxega musikaria ariko dira, besteak beste. Gonbidapena luzatu du Arraizak: «Badirudi gai sozial hauei negatiboki begiratzen zaiela maiz, baina gure jarrera oso baikorra da, horrela begiratzen diogu bizitzari eta horrela eragin nahi dugu. Gaur guk ematen dugu laguntza, baina bihar gu izan gaitezke laguntza beharrean gaudenak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!