Ehun urte bete ziren aurtengo otsailaren 3an Pello Errota bertsolaria hil zela. Asteasuko Udalak hark utzitako ondarearen balioa ezagutzera eman eta Mikaela Elizegi alabak egindako transmisio lana goraipatzeko ekitaldiak antolatu ditu, 2018ko otsailetik hona. «Kulturalki herri aktiboa dela erakutsi nahi izan diegu asteasuarrei, eta hemendik kanpokoei berriz, esan nahi diegu ez dela kasualitatea izan Pello Errota bezalako figura bat Asteasun sortu izana», esan du Pili Legarra alkateak.
Hain zuzen, aurtengo txapelketaren sintonia eta irudia sortzeko abiapuntu hartu dituzte Asteasuko Pello Errota eta Mikaela Elizegi. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, «errotaren antzera, halatsu funtzionatzen du bertso mugimenduak ere. Etenik gabe, eta bueltaka-bueltaka. Bertsozalearen etengabeko emaria da errota mugiarazten duena, bertsolaritza aleka-aleka elikatzen duena». Lanku kultur zerbitzuak erakundeak sortu eta garatu du irudia eta Don Inorrez musika taldeak osatu du sintonia, irailaren 7an Asteasun egingo den festan aurkeztuko dutena.
TOLOSALDEKO 12 LAGUN
Asteasun abiatu zen maiatzean Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea, eta bertan, 84 parte hartzailetatik 34k eskuratu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela; tartean, Haritz Mujika asteasuarrak, Iñigo Gorostarzu berastegiarrak eta Unai Mendizabal zizurkildarrak. 34 bertsolari horiei, 14 batuko zaizkie, duela lau urteko txapelketan sailkatzea lortu zutenak, gutxienez, finalaurrekoetara iritsita. Talde horretan dira, Oihana Iguaran amasarra, Mikel Artola alegiarra eta Beñat Iguaran amasarra. Final-zortzirenetan kantatuko dute guztiek, Oihana Iguaranek izan ezik, 2015eko finalean kantatu zuenez, zuzenean final-laurdenetan sartuko baita lehian, Alaia Martinekin batera, urriaren 27an, Azpeitian.
Sei bertsolari hauekin batera, txapelketan parte hartuko dute eskualdeko beste sei lagunek. Gai jartzaile taldean ariko dira Imanol Artola, Iker Iriarte eta Ion Zaldua; eta epaile taldean, berriz, Mikel Beloki, Felix Irazustabarrena eta Zigor Leunda.
Irailaren 14an Oñatin hasiko da txapelketa eta Donostian bukatuko da abenduaren 14an, 48 bertsolarietatik onena zein den erabakitzeko finalarekin. Eskualdean bi saio jokatuko dira: irailaren 15ean Amasa-Villabonako Gurea antzokian bata, eta abenduaren 1ean Tolosako Usabal kiroldegian bestea, hain zuzen, finalaurrekoetan azkena izango dena.
Irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean saio guztietarako sarrerak eta saioen egunetan ere eskuratu ahal izango dira. Ohi bezala 6 eta 16 urte artekoek eta Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute. Hain zuzen, bazkideei eskerrak eman nahi izan dizkie Jauregik, txapelketa aurrera ateratzeko babesa eskaintzen dutelako, beste hainbat erakunderekin batera. Asteasun, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendariak, Mari Jose Telleriak, ez du zalantzarik agertu aurten ere txapelketa arrakastatsua izango dela esaterakoan: «Urtean zehar lan handia egiten du elkarteak Gipuzkoan bertsolaritza sustatzen eta denona den ondare hori zaintzen. Udazkenean ikusiko da emaitza, antzokiak eta frontoiak beteko dituzue, egindako lan horri esker».
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA SAIOZ SAIO
FINAL ZORTZIRENAK
Irailak 14, larunbata
Oñati. HARITZ MUJIKA, Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Andoni Mujika, Amaia Iturriotz, Maider Arregi.
Irailak 15, igandea
Amasa-Villabona. BEÑAT IGUARAN, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Manzisidor, Odei Lopez, Maialen Akizu.
Irailak 21, larunbata
Ordizia. Beñat Lizaso, Ainhoa Agirreazaldegi, Manex Mujika, Ane Zuazubiskar, Aitor Urbieta, Asier Azpiroz.
Irailak 22, igandea
Zumaia. IÑIGO GOROSTARZU, Ander Lizarralde, Gorka Maiz, Beñat Jauregi, Jokin Bergara, Unai Muñoa.
Irailak 28, larunbata
Zumarraga-Urretxu. UNAI MENDIZABAL, Nerea Elustondo, Eli Pagola, Mikel Tapia, Iñigo Izagirre, Iker Ormazabal.
Irailak 29, igandea
Elgoibar. Iñaki Gurrutxaga, Unai Gaztelumendi, Endika Igartzabal, Jokin Uranga, Ane Labaka, Eñaut Martikorena.
Urriak 5, larunbata
Lasarte-Oria. MIKEL ARTOLA, Iñaki Zelaia, Eneko Araiztegi, Aitor Salegi, Oier Aizpurua, Unai Izagirre.
FINAL LAURDENAK
Urriak 19, larunbata
Andoain. Iñaki Apalategi, Amasa-Villabonako lehen sailkatua, Zumarraga-Urretxuko lehen sailkatua + puntuazioz sailkatutako hiru bertsolari.
Urriak 20, igandea
Irun. Agin Laburu, Oñatiko lehen sailkatua, Ordiziako lehen sailkatua + puntuazioz hiru bertsolari.Urri
Urriak 26, larunbata
Eibar. Jon Maia, Zumaiako lehen sailkatua + puntuazioz sailkatutako lau bertsolari.
Urriak 27, igandea
Azpeitia. OIHANA IGUARAN, Alaia Martin eta puntuazioz sailkatutako beste lau bertsolari.
Azaroak 2, larunbata
Azkoitia. Beñat Gaztelumendi (2015eko txapelduna), Lasarte-Oriako lehen sailkatua, Elgoibarko lehen sailkatua + puntuazioz sailkatutako hiru bertsolari.
FINALAURREKOAK
Azaroak 17, igandea
Arrasate. Uarkape pilotalekuan.
Azaroak 24, igandea
Oiartzun. Elorsoro kiroldegian.
Abenduak 1, igandea
Tolosa. Usabal kiroldegian.
FINALA
Abenduak 14, larunbata
Donostia. Zortzi bertsolari ariko dira finalean, Donostia Arena, Illumbe zezen plazan.