Urteroko soka dantzan, agurra dantzatzeko unea oso berezia izaten da Asteasun. Aurten, are bereziagoa izan da. Merezi zuen moduan omendu dutelako irailean erretiroa hartuko duen Migel Mari Izagirre herri langilea. Agurraren ondoren, Pili Legarra alkateak, bere argazkiarekin eta Haritz Mujika bertsolariaren bertsoarekin osatutako koadro bat eman dio. Joxe Ramon Aiertzak jantzi dio txapela, eta ondoren bi bertso kantatu dizkiote.
Pili Legarra alkateak hartu du ondoren hitza. Hitz hunkigarriak izan ditu herritarrarentzat:
Aurtengo irailean, denok ezagutzen duzuen Migel Mari jubilatzen zaigu, eta berari hitz batzuk esan nahi dizkiot Asteasuko Udala eta herriaren izenean.
1992ko uztailaren 20a zen, gure Migel Mari udaletxean langile gisa sartu zenean, eta jada 27 urte pasa dira konturatzerako. Urte guzti horietan lankide izan gara, eta benetan azkar pasa zaizkit.
Hemen duzue, gure herrirako izan den igeltsero, arotz, iturkin, elektrizista eta beste hainbat zulo tapatu dituen gizona. Edozer gauzaren konpontzaile bikaina.
Beti esan dizut eta hala aitortzen dut, herriko ingeniari hoberena izan zarela. Hainbat gaietarako dituzun ideiek beti txundituta utzi naute.
Baina bihotzez esango dizut, gehien estimatzen dizudana zure borondatea izan dela, lanerako beti izan duzun prestutasuna, umiltasuna eta herriarekiko gertutasuna. Inoiz aurpegi txarrik ez, gauean deitzen badiogu ere. Dei bat eta nahikoa da Migel Mari agertzeko. Hori ordain ezina da.
Askok eta askok esaten didate "hori bezalako gizonik ez duzue gehiago topatuko", eta arrazoi dute.
Gaur nik hitz egiten dizut, baina ziur naiz herritar guztien ahotsa dudala. Gaurko San Pedro eguna berezia izango da guretzat, eta ekitaldi xume honekin Asteasu herriaren esker ona adierazten dizut herriarekiko egin duzun lanagatik, eta orain, bihotz-bihotzez jubilazio oparo bat desio dizut, merezitako deskantsua hartzeko.
Mila mila esker Migel Mari eta jaso ezazu denon besarkada bero bat.
Migel Marik berak ere esker hitzak izan ditu herritarrentzat eta udalarentzat.
Jarraian, festa giroak jarraitu du Asteasuko Elizmendi auzoan, eta desafioa, azeri dantza, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte soka dantzan parte hartu duten dantzariek. Festa ez da dantza saioarekin amaitu, eta ondoren, hamaiketakoa eta pilota txapelketako finalak heldu dira. Arratsaldean nahiz iluntzean ere izango da zertaz gozatu Asteasuko jaietan. Gaurko ekitaldi indartsua, Gozategi taldearen kontzertua izango da.