Astesuko jaiak 2019

Suziriarekin batera, indarkeria matxistaren aurkako aldarria

Jon Miranda Labaien 2019ko eka. 27a, 11:59

 

Asteasuko jaietan eraso sexistaren bat gertatzen bada, erantzuna emateko protokoloa prestatu du Erratztuz gazte taldeak; gaur jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dute.

Aurreko urteetako festetan eraso matxistak gertatu izan dira Asteasun eta herriko gazteek «ahal zen moduan eta indibidualki» erantzun diete egoera horiei. Hemendik aurrera jaien testuinguruan eraso bat gertatzen bada, azkar, modu bateratuan eta irmo erantzungo diote osatu duten protokoloa erabilita. Erratztuz taldeak prestatu du eta egindako lana eskertu nahi izan dio festa batzordeak, jaiei hasiera emateko suziria pizteko ardura haien esku utziz. Gaur 19:30ean izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, 10.000 biztanletik beherako udalerriei begira, Berdinbidean programa du martxan, 2010etik. Eskaintzen dituen lerro estrategikoen artean dago indarkeria matxistaren lanketa gazte jendearekin. Asteasuko Udalak bultzatuta, 2018ko udazkenean abiatu zuten bidea eta, herriko gazteek Arremanitz kooperatibaren eskutik jaso dute aholkularitza. «Korapiloak askatzen lagundu digute, gure beldur eta kezkak uxatzen; neurri gabeko laguntza eman digute», esan du taldean parte hartzen duen gazteetako batek.

San Pedro festetako ikur den sorginaren erratzari erreferentzia eginez, «boteprontoan» bururatu zitzaien taldeari Erratztuz izena jartzea. 8-10 lagunek osatzen dute eta beso zabalik hartuko lituzkete kide berriak. «Jendea animatu nahi dugu, batez ere neskak, taldean konstanteki, hiruzpalau baino ez garelako ibiltzen, gainerako guztiak gizonezkoak dira». Hurrengo ikasturtean, lanketa hauekin segitzeko gogoa adierazi dute, «tratu txarretatik, tratu onetara» pasatzeko bideak esploratzen.

ERASOEN AURREAN, SAREA

Arremanitz kooperatibakoen laguntzarekin prestatu dute eraso matxista kasuetan aplikatzeko protokoloa. «Akaso gure aldetik gai izango ginateke lan potolo bat egiteko, baina ez litzateke hain osatua izango», aipatu du Erratztuz taldeko beste kide batek. Aurtengo San Pedro jaietan eraso bat gertatzen bada, pausoz pauso nola erantzun azaltzen du protokoloak. Horretarako, «gune segurutzat» jo dute txosna gunea: «Aurreko urteetan ere horrela izan da eta horrela izaten segi dezan, ostiral eta larunbatean, adibidez, 00:00etatik 04:00etara txandak antolatu ditugu. Arduradun batzuk jarri ditugu, erasoren bat gertatuz gero haiengana jotzeko, gutako batzuen izenak eta telefonoak azalduz».

Ardura, ordea, herri guztira zabaldu nahi dute. Horretarako txapa batzuk banatuko dituzte herritarren artean, erasoren bat gertatuz gero, ikur hori daramatenak erreferentziatzat hartzeko: «Txapa janzten duenak erantzukizuna hartzen du, laguntzeko prest dagoela adierazten du». Herriko tabernetara ere jo dute babes eske eta gazteak «oso pozik» daude jasotako erantzunarekin. «Herriko lau tabernetako zerbitzariek, erasoren bat gertatzen bada jakingo dute nola jokatu, protokoloa aplikatuta».

Oharkabean pasatzen diren erasoak salatzeko kaxa bat ere jarriko dute txosna gunean. «Modu anonimoan konta dezakete gertatu zaiena eta gero pankarta handi batean zerrendatuko ditugu eraso horiek guztiak, jai eremuan egiatan gertatzen dena ikusarazteko».

Kaxa horren ondoan beste bat ere egongo da. «Sano ligatzeko estrategiak jaso nahi genituzke bertan. Irudimena erabiliz proposamenak luzatu eta konpartitu ditzatela besteekin. Eta inork behar badu, kaxa horretara jo dezala estrategia bila». Giro positiboa zabaldu nahi dute festetan eta protokoloaren berri emanez, umorez abiatuko dituzte gaur arratsaldean San Pedro jaiak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!