Free Nekane taldeak Txapartegi babesteko eskatu dio Suitzari

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 29a, 10:03

Maiatzaren 22an Bernako auzitegira deitu zuten asteasuarra, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Iheslariak uko egin zion deklaratzeari, eta Suitzan eratu den babes taldeak ohartarazi du Espainiak berriz eska dezakeela estradizioa.

Espainiako estatuak estradizio eskaera berri bat egingo balu, torturaren inguruan posizionatu beharko litzateke Suitza, Free Nekane taldeak adierazi duenez: "Jazarpen politiko berritu hau traumatikoa bihurtzen ari da. Suitzari eskatzen diogu torturaren debeku erabatekoa errespetatu eta behar bezalako babesa eskain diezaiela tortura sexistatik bizirik irtendakoei".

Europan barrena ibiltzeko dokumentazio faltsua erabili izana egozten diote Txapartegiri eta Espainiako Auzitegi Nazionalak auzi berria ireki dio horregatik. Maiatzaren 22an deitu zuten Bernako epaitegira, baina iheslari politikoak uko egin zion deklaratzeari. Auzi berria torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen dela adierazi zien asteasuarrak Suitzako agintariei eta honenbestez Espainiako estatuak egindako eskaera, nazioarteko zuzenbidearen eta Suitzako legediaren arabera "onartezina" dela.

Asteazkenean Espainiako estatuak estradizio eskaera berri bat aurkezteko asmoa duela iragarri eta atxilotzeko agindu batekin mehatxatu zuen Txapartegi. Free Nekane taldeak uste du, Suitzak ez duela iheslaria behar bezala babestu. Aurretik ere 2016ko apirilean atzeman zuten Espainiako estatuak egindako eskaera tarteko eta 2017ko irailean libre utzi Auzitegi Nazionalak hari egotzitako delitua preskribatutzat eman eta gero.

Asteasuko iheslariak asilo politikoa eskaera egina zuen, baina Suitzako Auzitegi Administratibo Federalak ez zuen onartu, delitua preskribatuta zegoela esan eta dagoeneko jazarpenerako arriskurik ez zegoela argudiatuta. Free Nekane taldeak zehaztu du asiloa ukatu ziotenean, 2017ko azaroan, Suitzako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Administratibo Federalak "sinesgarri" jo zituela Txapartegiren tortura salaketak. Beraz, auzi berri bat zabaltzeak "jazarpen politiko berritua" dagoela erakusten duenez, "behar bezalako babesa" eskaini beharko lioke Suitzak asteasuarrari.

Maiatzaren 22an, Zurichetik Bernara Txapartegiri babesa ematera 200 lagun inguru joan ziren eta Asteasun ere elkarretaratzea egin zuten iluntzean, euskal herritarrarekin ematen ari diren jazarpen politikoa salatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!