Ez deklaratzea erabaki du Txapartegik

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 23a, 13:02

Espainiako Audientzia Nazionalak bideokonferentziaz deklaratzera deitu zuen atzo asteasuarra Bernako (Suitza) epaitegian. Deklaratzeari uko egin eta tortura sexista eta euskal gatazka internazionalizatzeko erabakia hartu du Txapartegik.

Atxilotzeko arriskua ekiditeko gerturatu zen asteasuarra atzo 10:30ean Bernako epaitegira, nahiz eta aurrez erabakia zuen ez zuela deklaratuko Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean. Txapartegik esana duen bezala, "torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta eraiki duten akusazioari erantzutea, akusazio hori legitimoa dela onartzea baita". Kausa berri bat eraiki dio auzitegiak, nahiz eta bere gertukoek adierazi dutenez, "aurretik izan zuenarekin lotuta dagoen". Atzo Txapartegik ezin izan zuen bideokonferentzia egin zen aretora sartu eta Suitzan duen Olivier Peter abokatuak eman zion Espainiako epaimahaiari erabakiaren berri. "Haserre" hartu zutela adierazi dute iheslari politikoaren senideek, "Auzitegi Nazionaleko fiskalak esan zuen ez duela onartzen abokatu suitzar bat Nekane ordezkatzen egotea".

Libre geratu eta Espainiako Auzitegi Nazionalak zein pauso ematen dituen zain geratu da Txapartegi. "Ez dakigu zenbat denbora pasa daitekeen", esan dute bere gertukoek. "Baina berriz ere arrisku egoeran dago, bere askatasuna eta bere bizitza kolokan, baldintzatuta eta zain". Tolosalde osoko herritarrak gerturatu ziren atzo Nekane Libre plataformak deituta Asteasun antolatutako elkarretaratzera. Eskualdeko mugimendu feministako kideek ere parte hartu zuten, tortura sexisten aurkakako lelo eta "nik sinesten dizut" bezalako aldarriekin.

Suitzan elkartasun uholdea

Atzo Zurichetik Bernara 200 lagun inguru gerturatu ziren asteasuarrari babesa eta elkartasuna ematera. Mugimendu handia sortzen ari da Suitzan Txapartegiren inguruan eta Espainiako estatuak egiten dituen eskaerak ukatzera behartu nahi dute hango gobernua, torturapean oinarritutako akusazioekin lotuta dagoelako, baita ere, kausa berria.

"Lehen nahi ninduten eta ez zuten lortu eta orain eraikiko dituzte beste akusazioak legedi internazionala puskatuz", esan du Txapartegik Hala Bedi irratiari egindako adierazpenean. "Hemen Suitzan jendeak ez du ulertzen nola den posible Espainiako estatuak horrelako jarrera edukitzea, baina ezaguna dugu hauen atzean dagoen mentalitate kolonizatzaile eta inkisitorea. Ni bezalako figurak, sorginak, behar dituzte euren aparatu errepresore hori iraunarazteko eta legitimatzeko. Bestela nola ulertzen da borroka armaturik egon gabe, legedi antiterrorista eta inkomunikazioa iraunaraztea?".

Iheslari asteasuarraren esanetan, torturaren gaiarekin posizionatu beharko du Suitzako gobernuak. Asilo politikoa eskatua du Txapartegik baina ukatu egin izan diote; bere ustetan kausa berri hau zabaltzea jazarpen politikoaren froga berri bat da, eta erakusten du nahikoa arrazoi badagoela asiloa emateko.

2016ko apirilean, Suitzan atzeman, eta preso sartu zuten; 2017ko irailean utzi zuten aske. Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman zuen hari egotzitako delitua, eta bertan behera gelditu zen haren kontrako estradizioa. Bere inguruan sortutako babes sare eta elkartasun uholdeak bere kaleratzea eragin zuen.

Asteasuarraren aurka zabaldu den kausa berri honen harira, tortura sexista eta euskal gatazka internazionalizatzeko kanpaina jarriko da martxan Suitzan. Euskal Herriko Bilgune Feministak ere elkartasuna adierazi dio Txapartegiri: "Ezin ahaztu daiteke, Nekanek irmoki salatu dituela tortura sexistak eta espetxearen izaera patriarkal zein sexista. Audientzia Nazionalaren agindupean eta Suitzako gobernuaren laguntzaz, Estatu espainiarrean ireki berri dioten beste kasu batengatik deklaratzera deitua izan da Suitzan. Beste behin ere, jazarpen politikoaren adierazle eta justizia patriarkalak tortura sexista babesten jarraitzen duenaren adibide argia dugu".

Euskal Herriko mugimendu feministak bakegintzan eta gatazkaren konponbidean urratsak ematen jarraituko duela adierazi du, "espetxe sistemaren inguruko gogoetak egiten, zigor sistemaren berdefinizio bat hauspotzen, (in)justizia patriarkalaren aurrean justizia feminista eraikitzen; eta batez ere, minak zein zauriak sendatzen, erreparatzen, aitortzen. Ez eduki zalantzarik, guk sinisten dizuegu".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!