Pello Errota sariketako finalerako sarrerak agortu dira

Ataria 2018ko urriaren 16a

Larunbatean, urriak 20, Asteasuko Iturri-ondo jatetxean izango da finala 21:00etan hasita. Afarirako txartelik gabe geratu direnek 23:00etatik aurrera saioaz gozatzeko aukera izango dute.

Asteasuko Udalak Pello Errotaren heriotzaren mendeurrenaren harira antolatu dituen ekitaldien barruan prestatu du bertso sariketa, Harituz bertsozaleen elkargunearekin batera. 25 urtetik gorako bertsolariei eman nahi izan diete aukera parte hartzeko eta bi kanporaketa saioren ostean, lau bertsolari pasa dira finalera: Beñat Lizaso, Asier Azpiroz, Eneko Lazkoz eta Unai Gaztelumendi.

Iker Iriartek jarriko ditu gaiak larunbateko finalean eta irabazleari txapela janzteaz gainera, Mikaela Elizegi saria emango zaio bertso onena kantatzen duen bertsolariari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!