Jendetza mugitzen duen eguna

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 30a, 15:27

Sekulako ikusmina sortu du aurtengo Asteasuko Azoka Bereziak. Bisitari ugari erakarri ditu, eta urtero bezala, arrakastatsua izan da. Animaliak ikusteko, nekazaritza eta artisautza produktuak erosteko edota pintxoak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Eguraldiak asko laguntzen zuen; hala ere, jendez lepo zeuden Asteasuko Azoka Bereziko postuak, baita ganadua ikusgai jarri duten zelaia ere. Animaliek haurrak erakarri dituzte gehienbat, eta bertaratu direnek ez dute aukera galdu nahi izan, herriko nekazari eta artisauek, Usarrabi frontoian nahiz Lege Zaharren enparantzan jarri dituzten postuetatik igarotzeko. Alde batean zein bestean jendea besterik ez zebilen, eta argi dago, urtetik urtera geroz eta entzutetsuagoa eta arrakastatsuagoa dela ekitaldi hau.

Txosnan, txekor pintxo eta sagardo, ardo nahiz txakolin tragoez gain, taloak ere jarri dituzte salgai. Baina, gaur, gastronomiako bestelako bi kontu izan dira protagonista. Izan ere, eguerdian, arroz esne lehiaketa eta kalabaza handienaren sari banaketa ospatu dira pilotalekuan. Arroz esne lehiaketan, Koldobika Jauregi eta Jon Ipentza aritu dira epaimahai lanetan. Sariak banatzen, berriz, Pili Legarra alkatea eta Joxe Ramon Aiertza zinegotzia aritu dira.

Kalabaza handiena 36 kilokoa izan da, Aratz eta Ibai Izagirrerena. Arroz esne lehiaketan, Ainhoa Landabere gailendu da, Ainhoa eta Gorka izan dira bigarren, eta hirugarren, berriz, Uxune Aranburu. Sari banaketaren ondoren, herriko trikitilarien kalejira heldu da, trikiti eta pandero hotsekin azoka eta herria alaitzen aritu direlarik.

Arratsaldean ere jarraituko du festak. 17:00etatik 19:30eak bitarte, postuak irekita egongo baitira, eta animaliak ikusteko aukera ere egongo da, eta 18:00etan Asteasuko trikitilarien erromeriaren txanda izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!