«Agertzen garen gehienok bizi osoa daramagu dantzaren inguruan»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 24a, 10:15

Gari Otamendi dantzariak 'Dantza' filmean parte hartu du. JON MIRANDA

Bere herriko Arkaitz dantza taldean aurrena, Argia taldean hurrena, Gari Otamendi (Añorga, 1980) dantza bizi du. Gipuzkoako Dantzagunean eta dantza.eus webgunean aritu izan da eta dantza gidatuen erromeriak egiten dituen Errebal taldean dihardu. Asteasuko Udalaren komunikazio arduraduna da, aldi berean, Dantza filmaren protagonistetako bat.

Esnalek eta Jauregik aspalditik dute harremana eta filma egiteko asmoa ere aspaldikoa dute. Zuk nola izan zenuen pelikularen berri?
Kontuan hartu behar da Telmo Esnal bera dantzaria izan zela urte askotan. Ezagutu ere, nik Argiaren ikuskizunetan ezagutu nuen eta Telmo niretzat zinegilea izan aurretik dantzaria zen. Duela bost urte, Juan Antonio Urbeltzekin jarri zen harremanetan, bera Argia taldeko zuzendaria, koreografoa eta ikertzailea da eta horrela izan nuen filmaren berri. Nik urte asko daramatzat Argia dantza taldean, eta handik etorri zitzaidan proposamena. 2013an filmaren berri izan eta hurrengo urtean, eszena bat grabatu genuen, sagar artean dantzan agertzen garen hori, arrakasta handia izan zuena sare sozialetan. Eten baten ostean, iaz grabatu genituen gainerako eszenak. 
 
Alde askotatik ukitzen zaitu filmak. 
Bai. Azken batean, oihartzun edo bozgorailu bat emango digu filma honek, baina bai ni, eta han agertzen garen gehienok, bizi osoa daramagu dantzaren inguruan. Juan Antonio Urbeltzen ikuskizunetan, eta bestela ere, dantzari belaunaldi oso batek Euskal Herriko zenbait dantza birsortzen eta sistemak aberasten pasa ditu azkeneko 25 urte hauek. Era berean, tokiko dantzak egiten jarraitzen dugu gure herrietan, Añorgan, Miarritzen, Eibarren, Iruñean edota Portugaleten. Orain dantzari horietako asko elkarrekin gabiltza, Martin Zalakain ikuskarian, esate baterako. Bat-batean foku bat dago gure gainean, baina guk dantzaren bueltan bizi osoa daramagu, eta ezer txarrik ezean, horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere.
 
250 dantzari inguruk hartzen duzue parte filma honetan, baina gutxi batzuk, jokatzen duzue paper jakin bat. Zein rol jokatzen duzu zuk?
Alde horretatik zorte handia eta pribilegio bat da pelikula honetan parte hartzea, are gehiago presentzia nahikoa nabarmenarekin izanik. Dena den, taldea azpimarratuko nuke, 200dik gora dantzari bildu genituen eszena jakin baterako, eta gainerako gehienetan, 30-35 dantzari aritu gara. Batzuei tokatu zaigu presentzia gehiago edukitzea, izan ere, fikzio pelikula bat da eta trama bat dauka, istorio bat kontatzen da. 
 
Ni buruzagi edo kapitain paperean aritzen naiz. Askok ikusita izango dituzte Euskal Herrian tokiko hainbat dantza eta gehienetan egoten da buruzagi figura bat, Tolosan Bordon dantzan buruan joaten dena, adibidez. Pribilegio hori izan dut eta dantzari taldearen buruan agertuko naiz pelikulan. 
 
Trama badu, beraz, filmak. 
Ez da dokumental bat, eta batzuk zalantza egiten badute ere, argumentua ulertuko dutela agintzen diet. Zenbait planotan kontatutako istorio bat da, pertsonaien arteko trama bat badago, oso agerikoa dena. Baina era berean, pelikulak jasotzen ditu Urbeltzek azken urteetan garatu dituen teoria antropologikoak, nekazaritza gizarteari lotutakoak. Ikuspegi sinbologiko-metaforiko horren irakurketa bat dago eta hori guztia narrazioan integratuta doa. Bizpahiru plano narratibo dituen pelikula da. 
 
Koreografiak zeinek osatu ditu?
Guk pelikulan dantzatu ditugun dantzak ez ditugu pelikularako berariaz sortu. 20-30 urte izango dira dantza eta dantza era lantzen ari garela. Urbeltzek beti garbi eduki izan du zer bilatzen duen dantza bat sortu edo birsortzerako orduan, beti lengoaia berri baten bilaketan dabil. Lehen egiten ez ziren dantza batzuk, habanerak edo bikoteka egiten diren Gipuzkoako dantzak adibidez, azken hamarkadatan garatzen joan gara. Orain prozesu horren emaitza pantaila handian agertuko da. Ni bezalaxe asko izan gara prozesu hori gaztetatik bizi izan dugun dantzari eta dantza irakasleak, beti ere, Urbeltzen eta martxoan hil zen bere emazte Marian Arregiren zuzendaritzapean. 
 
Koldobika Jauregiren asmoa hasieratik pelikula eder bat egitea izan da. Hasieratik zaindu ditu jantziak eta filma filmatzeko kokalekuak. Nola bizi izan duzue hori?
Nire sorpresetako bat hori izan da. Beste klabe batzuetan eta beste jantzitegi batekin dantzatzen ohituta gaude eta hasiera batean arrotz egiten zitzaigun, baina ni harritu nau dantzatu ditugun tokiekin zein ederki integratu diren jantziak. Azpimarratzekoa da, baita ere, Jabi Agirre argazki zuzendariak zein emaitza lortu duen, irudiak benetan ikusgarriak baitira. Pelikula hau egin dugun bitartean zinemagintza barrutik ezagutu ahal izan dugu eta irudi batzuk bere horretan argazki muntai oso ederrak dira. 
 
Nolakoa izan da filmaketa. Asko errepikatu behar izan al dituzue eszenak?
Beti entzun izan dugu zinea egin nahi duenak itxaroten jakin behar duela. Guk eszenak egin izan ditugun bakoitzean dantzan egin izan ditugu, ahalegin fisikoa egiten. Errepikatu behar izan ditugu dezente aldiz, guk egiten genituelako akatsak batzuetan eta beste batzuetan, berriz, kamera modu baten edo bestean jarri behar izaten zelako. Fisikoki gogorrak izan dira filmaketak baina asko gozatu izan dugu, baita ere.
 
Hemen inguruan aritu al zarete grabatzen?
Tolosaldean zehazki ez, baina hemendik gertu bai, Leitzan, adibidez. Arantzatzun, Bardeetan, Belchiten, Hendaian... toki asko bisitatu ditugu. Ederra izan da. 
 
Aurrez ikusi al duzue filma amaituta?
Bai. Aurreko astean, pase bat egin genuen pelikulan parte hartu dugun guztientzat eta hantxe ikusi genuen geure burua, guk egindako lanaren emaitza, pantaila handian. Ez dut ikusmin gehiegi sortu nahi, egokiena zinemara joan eta ikustea da. Gu oso gustura geratu gara. Aukera emanez gero egingo genuke beste pelikula bat. 
 
Estreinaldia nola biziko duzue Donostiako Zinemaldiaren barruan?
Alfonbra gorria bai zapalduko dugu eta gero festatxo bat izango da. Horrelako estreinaldiek izaten duten muntai guztian sartuko gara. Goizean prentsaurrekoa, arratsalde-gau partean estreinaldia eta segidan festa. Gauza puntual bezala bizi dugu eta aukera eman digutenez, barrutik ezagutzeko gogoz gaude.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!