Tolosaldea, zapaltzekoa: turismo gehigarria

Hernio azpiko unibertsoa

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 11a, 10:15

Plateretan ere azaltzen dira muskerrak Asteasun. ATARIA

Bernardo Atxagak Obabakoak literatur lanean irudikatutako alegiazko mundua ibilbide batean jaso zuen Asteasuko Udalak 2015ean, Muskerraren Bidean. Aurten, urte hasieran, ikuspegia zabaldu eta Asteasuko Bide Herria izenarekin lau ibilbide berri prestatu dituzte.

Asteasuk inguruko herriekiko zein berezitasun dituen pentsatzen hasita, udal arduradunak ohartu ziren Bernardo Atxagak Obaban irudikatu zuen mundu hori zela herriko bereizgarria. 2015. urte bukaeran tokiko ekonomia suspertzeko proiektu gisa, bi kilometro pasatxo eta 17 geldialdi dituen ibilbidea prestatu zuten: Muskerraren Bidea. Horrekin batera, izen bereko liburu- gida kaleratu zuen Atxagak, Pamiela argitaletxearekin.

Tolosaldea Tour agentziaren bitartez, trebatutako gidari batek, taldeei bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen die –943 69 19 07 eta muskerrarenbidea@gmail.com helbidean eskatu daitezke hitzorduak–. Ibilbidean zehar jarrita dauden paneletan QR kodeak ere badaude, bidea bakarka egin nahi dutenentzat.

Obaba literarioa eta Asteasu herria batzen dituen ibilbidean, besteak beste, ahozko tradizioa, euskara, apustu giroa eta naturarekin loturako azalpenak ematen dira ezagutzera, Atxagaren ahotik.

Obabako lurraldea ezagutzeko eskaintza berria egin du Asteasuko Udalak: Muskerraren Bidea osatzera datozen lau ibilbide berri prestatu ditu aurten. Asteasu Bide Herria izenarekin, Aiztondo bailaran dauden paraje eta ikuspegi ikusgarriak erakutsi nahi dituzte. Usarrabiko Bira, Erreka Bailara, Santamaña eta Olazar dira prestatu dituzten ibilbideen izenak eta herriko zein bailarako natura eta kultur ondarea erakusten dituzte, bakoitza gai baten inguruan ardatz hartuta. Ibilbideak osatzeko Atxaga beraren eta Zura komunikazio eta diseinu enpresaren laguntza izan dute eta ibilbideen nondik norakoen berri emateko informazioa jasotzen duten interpretazio panelak jarri dituzte puntu ezberdinetan.

Musker eta herri bideen bitartez lotu dituzte herriko parajeak eta Asteasu ezagutzera emateko baliatu. Gonbita egina dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!