Julen Lopetegi Espainiako selekziotik kanporatu dute

Ataria 2018ko ekainaren 13a

Real Madrid taldeak atzo iragarri zuen asteasuarra izango zela hurrengo denboraldiko entrenatzailea. Espainiako federazioak gaur kaleratu du Lopetegi, "behartuta".

Errusiako Munduko Kopa hasteko bi egun falta direnean, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak Julen Lopetegi Espainiako entrenatzaile postutik kendu du. "Ez da justua gure langile batek halako negoziazio bat egitea guri ezer esan gabe. Agiri bat kaleratu baino bost minutu lehenago izan genuen guztiaren berri, eta hori ezin da izan. Lan bikaina egin du Lopetegik, baina moduak ere garrantzitsuak dira. Errespetu handia diot Lopetegiri. Sekulako entrenatzailea da. Horregatik, oso zaila egin zait erabaki hau hartzea. Baina, esan bezala, moduak oso garrantzitsuak dira", esan du Rubialesek.

Lopetegi eguerdian prentsaurrekoa ematekoa zen, baina azkenean bertan behera geratu da agerraldia. Asteasuarrak 2016an hartu zuen Espainiako selekzioko hautatzaile kargua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!