Julen Lopetegi asteasuarrak Real Madril entrenatuko du datorren denboraldian

Ataria 2018ko ekainaren 12a

Asteasuko entrenatzailea Espainiako hautatzailea da egun. Argazkia: Wikipedia

Zinedine Zidane ordezkatuko du, eta Espainiako selekzioa utziko du Errusiako Munduko Kopa amaitutakoan. Hiru urterako sinatu du kontratua.

Asteasuarrak ondo ezagutzen du Real Madril, sei urtez aritu baita bertan aurretik. Bost urtez jokalari zenean, hiru urtez bigarren taldean (1985-88) eta bi urtez lehen taldean (1989-91); eta urtebetez entrenatzaile lanetan (bigarren taldea zuzendu zuen 2008-09ko sasoian).

Real Madril B utzi ostean, 2009an, Espainiako azpiko selekzioak entrenatzen hasi zen asteasuarra. 2014ra arte aritu zen lan horretan, Portugalgo Portok fitxatu zuen arte. Bi urtez bertan izan zen. 2016ko uztailean Espainiako selekzio nagusiko hautatzaile izendatu zuten, Vicente del Bosque ordezkatuz. Ordutik darama karguan.

Errusiako Munduko Kopa da bere lehen txapelketa nagusia. Azkena izango da, amaitutakoan kargua utzi eta Real Madrilekin hasiko baita lanean. 51 urterekin, beraz, Santiago Bernabeuko aulkira itzuliko da. Eta ez du ardura txikia izango. Zinedine Zidane frantziarrarekin Txapeldunen Liga irabazi du Espainiako taldeak azken hiru urteotan, orain arte beste inork lortu ez duena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!