Elizmendiko kanpandorrera itzuli dute erlojua

Jon Miranda Labaien 2018ko ekainaren 5a

Joan den urritik 12 laguneko boluntario taldea aritu da auzolanean erlojua berreskuratzen. Larunbatean jarri zuten, berriz ere, Elizmendiko kanpandorrean.

Aitor Villa erlojugilearen zuzendaritzapean aritu da herritar taldea ondarea berreskuratzen. Pili Legarra, Asteasuko alkatearen hitzetan, "uste baino gehiago konplikatu zaie lana". Erlojua bera joan zaie bidea erakusten eta ikaskuntza prozesu bat izan da parte hartzaileentzat. "Bospasei laguneko taldea aritu da gogorren lanean eta ilusioa egin dit ikusteak nola inplikatu diren bi mutil gazte", esan du alkateak.

Erlojuari egitura kontserbatu diote baina pieza batzuk aldatu dizkiote. Beharrezko doikuntza eta egokitzapen lanak egiteak denbora eskatu die, baina taldekideek "erronka" bezala hartu dute erlojua zaharberritzea. Kanpotik, erabat aldatu diote itxura. "Garbitu ederra eman diote eta brontzezko piezak agerian daude orain. Gainera, tratamendu berezi eman diote, herdoildu ez dadin".

120 urte baino gehiago ditu Asteasuko erlojuak, 1897an egin baitzuen Ignacio Zubillaga erlojugile orexarrak. "Balore handikoa" pieza dela jakinarazi zieten asteasuarrei eta horregatik erabaki zuten zaharberritzea. "Guretzat garrantzitsua da herrian dugun ondarea txukun mantentzea", azpimarratu du Legarrak. "Gutxienez, beste 100 urtean iraun beharko du bertan, berriz jaitsi gabe".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!