Elizmendiko erlojua berrituko dute auzolanean

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 25a, 07:36

Ignacio Zubillaga erlojugile orexarrak 1897an Asteasuko elizako kanpandorrean jarri zuen ordularia desmuntatu eta orain auzolanean berrituko dute, horretarako bildu den zazpi laguneko taldeari eskerrak

Hurrengo hilabeteetan Elizmendiko kanpandorrera begiratzen duenak hutsunea nabarituko du. Asteasuarren, eta gehienbat, baserritarren denbora markatu du bertan egon den erlojuak, gutxienez, azkeneko 120 urteetan. Orain, auzolanean berritzea erabaki dute eta horregatik jaitsi zuten aurreko ostiralean elizako kanpandorretik. Pili Legarra Asteasuko alkateak esandakoaren arabera, «Gipuzkoa tradizionalean, erlojuak beti izan dira udalaren ondare, nahiz eta elizetan kokatuta egon».

Azken urteetan Asteasuko Udalaren lan lerroetako bat herriko ondarea berreskuratzea izan da. Errota zahar bat eta karobia zaharberritu dituzte aurreko urteetan eta aurten erlojua berritzeari ekin diote. «Aldundiak urtero diru laguntza deialdia egiten du ondarea berreskuratzeko eta aurten, proiektua aurkeztu aurretik bertako arduradunekin hitz egin nuen. Beste herrietan erlojuak auzolanean berreskuratzeko esperientziak bazeudela esan zidaten eta horrela ekin genion lanari», dio Legarrak. Yeregui elkartearen aholkularitza jaso dute eta hasieratik esan izan diete erlojua «altxor bat dela eta berreskuratzeak merezi duela».

Horrela ekin diote lanari, eta oraingoz, zazpi lagun azaldu dira erloju zaharra berritzeko prest. Tartean da, astero erlojuari giltza ematen dion Migel Mari Izagirre herriko langilea edota erlojuaren egilea izan zen Ignacio Zubillagaren biloba.

Mila pezeta kostatu zen

Pedro Zubillagak azaldu du bere aitona zenaren ibilbidea: «Orexan sortu zen 1868an eta oso gazte zela Betelura joan zen ofizioa ikastera, Bonifacio Yereguirengana. 20 urterekin bere kontura jarri zen Albizturren eta baserriko tresneriarekin batera, erlojuak egiten hasi zen».

Ignacio Zubillagak, «gutxienez» 42 ordulari egin zituen, «dokumentazio gutxi gorde dugu familian eta guganaino horiek baino ez dira iritsi». Besteak beste, Albiztur, Altzo, Aduna eta Amezketako erlojuak Zubillagaren sinadura daramate eta Tolosan Euskal Herria plazan eta Villabonako udaletxean daudenak ere berak egindakoak dira. «Jakin dugu Ojún (Txina) egindako erlojua aitonak egindakoa dela. Enpresari azkarra izateaz gainera, komertziante ona ere bazen eta jesuitek egindako enkargu batengatik esplikatzen da han bere erloju bat egotea. Oraingo alderantzizko bidea zen ordukoa, gaur egun handik ekartzen dira ordulariak».

Asteasuko artxiboan Asteasuko Elizmendin jarritako erlojuaren inguruko xehetasunak gordeta daude Legarra alkateak azaldu duenez: «1896an elizako dorrea konpontzeko proiektua zegoen eta horri lotuta erloju berri bat erosi behar zutela ondorioztatu zuten udal ordezkariek. Eztabaida horien aktak jasota daude». Erlojuaren xehetasunak ere zehazten dira, bi esferakoa behar zuela eta orduetan bezala laurdenetan ere jo behar zituela kanpaiak. «1.000 pezetako aurrekontua aurkeztu zuen Zubillagak, 75 pezetako beherapena eginda, erloju zaharra eramateagatik. Hemen ostatu hartuta egon zen garaian, bere gastuak ere udalaren kontura joan ziren».

Orain, beste erlojugile profesional batek, Aitor Villak zuzenduko ditu zaharberritze lanak. Haren esanetara jardungo dutela esan du Legarrak: «Mantenu lanetan pilatzen zaion grasa kenduko zaio erlojuari eta banan-banan piezak desmuntatu, garbitu eta berriz jarriko dira». Auzolanean aritzeko bilduko den jendearen eta haiek agertutako prestutasunaren arabera luzatuko dira lanak. «Beranduenera, martxo alderako nahi genuke berriz ere Elizmendiko kanpandorrean», dio alkateak, «gutxienez, beste 120 urtean iraun dezan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!