Muskerraren eguna ospatuko dute, igandean, Asteasun

Ataria 2018ko maiatzaren 28a

Muskerraren bidea Bernardo Atxagaren eskutik ezagutzeko aukera izango da, eta gero, besteak beste, apustua egingo dute herriko iturriaren inguruan.

Asteasuren eta Obabaren ondare zabala eta anitza ezagutarazteko antolatu zuten, joan den urtean, Muskerraren Eguna lehen aldiz. Arrakasta ikusirik, aurten ere festarekin jarraitzea erabaki dute.

Goizeko 10:00etan alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajea bisitatzeko aukera izango da Bernardo Atxaga berarekin batera, eta familia eta haurrentzat jolasa egingo dute ondoren: muskerraren bila. Eguerdian mokadua izango da plazan, trikitilariek alaiturik, eta herriko harri-jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute.

13:00etan apustua egingo dute herriko plazan dagoen iturriaren bueltan. Apustua binaka jokatuko da, eta iturriari 20 buelta azkarren ematen dizkion bikoteak irabaziko du. Bikoteko parte hartzaile bakoitzak 10 buelta eman beharko dizkio, batek barrualdetik, eta besteak kanpoaldetik. Partaide bakoitzaren denborak batuta egingo dute sailkapena, eta lau onenek jokatuko dute finala.

Joan den urteko lehen edizioan Mattin Sarasola eta Aitor Irazu izan ziren irabazleak 76'93''ko denborarekin. Bigarren  Xabi Irazu eta Tomax Iraola izan ziren, 20 bueltan 78'44''ko denboran osatuta, hirugarren, berriz, Olatz Korres eta Jon Ander Artaza, 79'40''an eginda.

[Pasa den urteko argazki galeria]

Egitaraua

10:00. Muskerraren bidea, Bernardo Atxagarekin.

11:30. Muskerraren bila: jolasa familientzat eta haurrentzat.

12:00. Herriko trikitilariak plazan.

12:30. Mokadua.

Jarraian. Herriko harri-jasotzaileen topaketa.

13:00. Iturri-bueltako apustu herrikoia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!