Muskerraren eguna Asteasun

Irati Saizar Artola 2017ko maiatzaren 21a

Bernardo Atxagaren Obakakoak eleberria oinarri hartuta, Muskerraren eguna ari dira osatzen Asteasun. Apustua ere egin dute herriko plazan dagoen iturriaren bueltan.

Asteasuren eta Obabaren ondare zabala eta anitza ezagutarazteko antolatu dute lehen aldiz Asteasun Muskerraren Eguna. Goizean, alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajea bisitatu dute bertaratu direnek Bernardo Atxagarekin batera. Jarraian, familiek muskerraren bila jolasean parte hartzeko aukera izan dute. 

Apustu berezi bat ere egin dute 13:00etan plazan dagoen iturriaren bueltan. Mattin Sarasola eta Aitor Irazu izan dira irabazleak 76'93''ko denborarekin amaituta. Bigarren geratu dira Xabi Irazu eta Tomax Iraola 78'44''ko denborarekin eta hirugarren Olatz Korres eta Jon Ander Artaza, 79'40''an eginda. 

Iturriari hogei buelta ahalik eta denbora gutxien erabilita ematea zen apustuaren helburua. Iturriaren bueltan bi bide marraztu dituzte: iturriaren kontratik bata, eta iturritik metro bateko distantziara bestea. Bikoteko kide batek barruko bideari 10 buelta eman behar izan dizkio eta beste kideak kanpoko aldeari beste hamar. Bien denborak gehituta ateratzen dena izan da garaile. 

Arratsaldean, Ez dok hiru antzezlanarekin emango diote amaiera egunari. 18:00ean izango da ikuskizuna Usarrabi frontoian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!