«Emanaldian argituko dugu nor den grabazioan ageri den 'Asteasu' hori»

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 19a, 08:00
Argazkia: Juantxo Egaña

Asteasuko udaletxean 19:00etan izango da gaur emanaldia eta Pello Errota eta Mikaela Elizegi hartuko dituzte gogoan solasaldi musikatu batean. Bertan parte hartuko du Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak. Berekin batera, Bernardo Atxaga, Xabi Paya, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira.

Bernardo Atxaga idazleak, Joxan Goikoetxearen (Hernani, 1967) ugaritasuna ikusita, izena Joxan Goikoetxea t'erdi izan beharko lukeela esan zuen behin. Ez zitzaion arrazoirik falta, gaurko emanaldia prestatzen «serio eta errespetuz» aritu da.

Non du sorburua gaurko emanaldiak?

Hasiera da Bernardo Atxaga eta bion arteko adiskidetza. Lehenago ere, 2016an, Asteasun Muskerraren Bidea proiektuan hartu dut parte Atxagarekin. Oso gauza konkretua proposatu zidan duela hilabete batzuk. Bazekien nik grabaketa historiko baten inguruan dezente hitz egin nuela bere garaian eta interesa zuen hori aitzakiatzat hartuta zerbait egiteko.

Non agertu zen grabazio hori?

Duela 25 urte inguru agertu zen. Eresbil eta Bertsozale Elkarteak lortu zuten eta kontsideratzen da bertsolarien ahotsekin existitzen den lehenengo grabazioa. Grabaketa komertziala da, Columbia-Regal diskoetxeak argitara emana eta Asteasu y Txirrita izenburua daramana. Bere garaian, denok hipotesia luzatu genuen, Asteasu hori Pello Errota izan zitekeela. Garai horretan Txirritarekin askotan ibiltzen zelako eta ezin zuelako edonor izan grabazioan agertzen zen bertsolariak. Urteen poderioz, geroz eta baliabide gehiago izan ditugu hipotesi horiek kontrastatzeko eta ohartu gara, hor kantuan ari den Asteasu hori ez dela Pello Errota.

Eta zein da ba grabazioan ageri den 'Asteasu' hori?

Hori gaur arratsaldeko emanaldian argituko dugu.

Ikerketa handia egin duzue hori frogatu ahal izateko?

Bai. Garai hartako bertsolaritzari errepaso handia eman diogu, hemerotekak eta liburuak kontsultatu ditugu. Denboran muga bat badago; Basarrik 1935ean irabazi zuen lehenengo txapelketa ofizial hura jotzen da bertsolaritza modernoaren hasieratzat. Guk prehistoria horretaz hitz egin nahi dugu eta esan daiteke muga grabazio hau bera dela.

Nola hurbilduko zarete grabazio lan horretara gaurko emanaldian?

Mila gai atera daitezke hari horri tiraka. Grabazioa bera entzutea izan daiteke lehenengo ariketa. Egun horretan, Santo Tomas egun batean Donostian pasa zena kontatzen du eta kantaerak berak ere zeresan handia du. Grabazioa ez zen zuzenean egin, antzokian daude bertsolariak egun horretan, baina ez zen jendea zegoen momentuan. Garai hartako baliabide teknikoak ere aztertu ditugu, irratia ere orduan sortu zen eta lehenengo euskal irratsaioak egiten hasi ziren... Erantzun bat topatu eta beste mila galdera sortu zaizkigu.

Bernardo Atxagak eta Xabi Payak eramango dute gaurko saioaren gidaritza?

Atxagak informazio hau bere galbahetik pasa du. Xabi Paya, berriz, ikerketaren beste alde akademikoaz arduratu da. Unibertsitateko jendea grabazioa aztertzen jarri du: euskara, euskalkia... Bertsoak bera transkribatzea ere arazoa izan da, grabazioa ez baita behar bezala entzuten.

Zein izango da zure parte hartzea gaurko emanaldian?

Nik instrumentua eramango dut baina ez da, bereziki, saio musikatua izango. Baten batek galdetuko du zer egiten ote dudan hor, ez banaiz ikerlaria, ez historialaria, ez bertsolaria, ezta asteasuarra ere. Kontua da, grabazio honen inguruan Pello Errotaren lehen hipotesi hura sortu zenean, nik horri heldu niola eta zabaltzen ere aritu nintzela. Sinistu nuen eta entusiasmoz defendatu nuen. Zor hura kitatu nahi izan dut, hipotesi okerra zela frogatuz. Pena handia da Pello Errotarena baino sortu den hipotesi berria ere oso polita da, bereziki, asteasuarrentzat.

Bertsolariak ere izango dira gaur: Anjel Peñagarikano eta Maialen Lujanbio.

Saio librean ariko dira. Guk proposatuko dieguna da terreno horretan murgiltzeko. Ea bertsolaritzaren historian mugarri hori ikusten duten, ea garai batekoa gaur egungotik baloratu ote litekeen, ea garai batean bezala aritzea gustatzen ote zaien... Testuinguru horretan ariko dira gaur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!