Pello Errotaren heriotzaren mendeurrenaren harira, solasaldi musikatua datorren ostegunean

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 11a, 16:38

Apirilaren 19an, osteguna, 19:00etan Asteasuko udaletxean izango da solasaldia eta Pello Errota eta Mikaela Elizegi hartuko dituzte gogoan.

Pello Errotaren garaiko eta egungo bertsolaritza parez pare jarriko dituzte Bernardo Atxaga, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Joxan Goikoetxea eta Xabi Paiak. Horrekin batera, bertsolaritza mota bakoitza eragin duen gizarte-ereduak izango dituzte hizpide, eta horrek uneko artisten sormenean eta ezaugarrietan duen eragina. Hala, sortzaile bakoitzak bere diziplinatik helduko dio saioari.

Lehen zatian, Bernardo Atxaga, Joxan Goikoetxea eta Xabi Paiak Pello Errotaren garaiko testigantzak, bertsoaldiak, bertsolariak eta gertaerak aipatuko dituzte. Azken boladan, grabazio zaharrei tiraka zenbait ikerketa egin ditu Goikoetxeak, eta Asteasuko bertsolari-sorta handiarekin egin du topo. Grabazio horien artean zenbait sekretu aurkitu ditu, eta apirilaren 19an kontatuko ditu.

Solasaldian aipatutakoak izango dituzte bertsotarako abiapuntu eta gai Maialen Lujanbiok eta Anjel Mari Peñagarikanok. Modu ezin hobean landuko dituzte mende oso bateko tarteak bereizten dituzten bertsokerak: bertsotan.

Behin saioa amaitzen denean mokadutxo bat izango da bertaratutakoentzat.

Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena oroitzeko ekitaldien barruan antolatu dute ekimena Asteasun.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!