Egutegi arazoak medio, Asteasu ziklo-kros probarik gabe

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 12a, 09:49

Azken 18 urteetan, abenduko zubi luzean, Asteasun ziklo-kros lasterketa antolatu dute. Aurten, ordea, ez da probarik egon. XIX. edizioa ez antolatzea erabaki zuen antolakuntzak.

Joxe Ramon Aiertzak erabaki horren zergatiak azaldu dizkio Tolosaldeko Ataria-ri: «Arrazoi desberdinengatik hartu genuen erabaki hori. Iaz, Euskal Challenge jarri genuen martxan Igorrerekin eta Zuiarekin batera. Gure ustez Espainiako federazioari ez zitzaion gustatu hori, eta aurten Asteasuko probaren egun berean edo bezperan, Espainiako Koparako baliagarria den froga antolatu zuen Katalunian, nazio arteko proba ere bazena. Txirrindulariak kopa korritzera beharturik daudenez, hona inor ez zela etorriko ikusi genuen». Proba bertan behera uzteko arrazoi handiena hori izan dela dio Aiertzak, nahiz eta ekonomikoki zailtasunak izango zituzten: «Baina horiei buelta emateko gai izango ginen. Euskal Challenge-an sartzean, Eusko Jaurlaritzatik diru laguntza gehiago jasotzen da, bera ere proiektu horretan dagoelako. Ekonomikoki arazoak izango genituen, baina gainditzeko modukoak. Espainiako federazioaren jokaera txar horrek egin digu kalte, beti ere gure ustez».


Jokaera «txar» horren inguruko erabateko ziurtasunik ez dutela dio Aiertzak, baina orain arte egutegiari begiratuta ez dute inoiz arazorik izan Asteasun: «18 urtez errespetatu da data, aurten izan ezik. Susmoak, beraz, hortik tiratzen digu. Euskadiko Federazioaren bitartekaritzaz saiatu gara konpontzen, baina ez du emaitzarik eman. Guzti horregatik, aurten ez da Asteasun ziklo-krosik izan».


Hurrengo urtera begira, gauzak airean daudela dio asteasuarrak: «Ez dakigu zer egingo dugun. Urtea amaitu ondoren jendeak zer esaten duen ikusi eta aztertuko dugu. Proba ez egiteak herrian hutsunea sortu du, jende asko etortzen zelako ziklo-krosa ikustera. Behin utzi eta berriz hastea asko kostatzen da, baina saiatu saiatuko gara». Herritarren artean denetik entzun dutela dio Aiertzak. Batzuk hain justu hori esan omen die, behin utziz gero berriz hastea ez dela erraza izango. Besteak ados proba ez antolatzearekin, Espainiako Federazioak kontuan hartzeko agian ondo etorriko delako.


Espainiako federazioa
Tolosaldeko Ataria Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin jarri da harremanetan. Amadeo Olmos presidenteordeak hitz egiteko adeitasun guztia izan du. Elkarrizketa xelebre batean, valentziarrak federazioaren aldetik intentzio txarrik ez dela izan esan du. Kataluniako probaren nazioarteko izaera medio, UCI-ren egutegiaren barruan dagoela dio, eta bertako araudiari egin die aipamena.

 

Asteasuko ziklo-kros lasterketa
1999. urtean egin zuten lehen edizioa. David Seco busturiarra izan zen irabazlea. Proba xume bat egiten hasi eta nazioarteko mailara iritsi ziren asteasuarrak. Bost munduko txapeldun lasterketa berean izatea lortu zuten, eta Sven Nys handiak bere izena birritan idatzi zuen Asteasuko podiumaren gorenean.  


2011n arazo ekonomikoak etorri ziren, eta nazioarteko izaerari uko egin beharrean suertatu ziren antolatzaileak. Sustraietara itzuli ziren, eta estatu mailako lasterketa duin bat antolatuz jarraitu zuten. Iaz, Igorre eta Zuiarekin batera Euskal Challenge sortu zuten. Etorkizuna ziurtaturik zegoela zirudienean, aurtengo arazoak etorri dira; batez ere, egutegi kontuak izan dira oztopo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!