Echesako langileen protesta kaleratzeak salatzeko

Ataria 2017ko azaroaren 28a

Euskal Herriko lantokietan 155 langile kaleratzeko asmoa azaldu du Siemens Gamesa multinazionalak bulego nagusi eta biltegietan, lantaldearen %7 inguru. Echesari, printzipioz, ez dio eragingo neurriak baina kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Asteasun.

Langile gehien dituzten zentroetan pilatuko dira kaleratze gehienak: 92 izango dira Sarrigurengo ingeniaritza eta I+G zentroan, eta 48, berriz, Zamudioko egoitza nagusian. Kaleratzerik ez da izango Siemens Gamesak Euskal Herrian dituen hiru produkzio guneetan, Mungian, Agoitzen eta Asteasun.

Hala ere, Siemens Gamesako Espainiako adarraren asmoa zen 408 kaleratze egitea 2020ra arte eta ikusteko dago zer gertatuko den tarte honetan. Aurreko astean sindikatuak mahaitik altxatu ziren negoziazio prozesuan. Kaleratzerik ez dutela onartuko esan dute langileen ordezkariek, eta hainbat protesta antolatu dituzte presio egiteko. Lantoki guztietan egin dituzte gaur protestak, baita Asteasun ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!