Musikarien eguna ospatzeko emanaldian Eñaut Elorrieta gonbidatu

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 21a, 17:50

Azaroaren 24an, ostiralean izango da 22:00etatik aurrera Usarrabi frontoian. 80 herritar elkartuko dira eta era guztietako instrumentuekin estilo ezberdinetako musika eskainiko dute.

Dagoeneko laugarren edizioa du Santa Zezilia egunaren bueltan Asteasun ospatzen duten Musikarien Egunak. Herriko musikari guztiak biltzen ditu eta urtetik urtera arrakasta gehiago izaten du. Gainera aldi bakoitzean elementu berriren bat edota sorpresaren bat prestatzen dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioak gonbidatu berezi bat izango du: Eñaut Elorrieta gernikarra. Ken Zazpi taldeko kantari ezaguna da eta zenbait kantu bakarrik eskainiko ditu eta beste hainbatetan bat egingo du herriko musikariekin.

Estilo aldetik askotarikoa izango da kontzertua, herriko taldeek jorratzen duten musika mota zabalaren erakusle. Hainbat elkarte ariko dira oholtza gainean: txistu taldea, trikitixako ikasleak, Usarrabi abesbatza, Pello Errota ikastolako haurrak eta Inolaz izeneko taldea. Horiei batuko zaizkie instrumenturen bat jotzen duten herritar asko: klarinete, biolin, zeharkako flauta, eskusoinu, tuba, bateria, baxu elektronikoa eta abar luze bat.

Bi euroko ordaindu beharko dira sarreran, ostiraleko emanaldiaz gozatu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!