Txapartegiri ezarritako zigorra preskribatutzat jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Ataria 2017ko ira. 15a, 12:07

Inmigrazio zentro batera eramango dute datozen orduetan, eta Suitzako Justiziak asteartean aztertuko du asteasuarraren asilo eskaera. Suitzako Justiziak berriro ere asiloa ukatuko balio, espainiaratzeko arriskua edukiko luke Txapartegik, Naiz-en arabera. Asteasuko herritarrek bilkura egingo dute gaur, 20:00etan, Asteasuko plazan.

2009an sei urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Txapartegiri ustez ETArekin kolaboratzeagatik. Sententzia ez zen egikaritu, ihes eginda baitzegoen asteasuarra. 2017ko otsailean Auzitegi Gorenak zigorra murriztu zion, hiru urte eta sei hilabetera. Orain, Auzitegi Nazionalak preskribatutzat hartu du zigorra, gisa horretako zigorrak balio gabe geratzen direlako ezarri eta bost urtetara. Naiz.eus agerkariak eman du albistearen berri atzo kaleratutako auto bati erreferentzia eginez.

1999an atxilotu zuten Txapartegi eta Guardia Zibilak torturatu egin zuela salatu zuen. Gero 18/98 sumarioren barruan ezarri zioten zigorra. Iazko apirilean Zurichen atxilotu zuten Espainiako estatuak asteasuarra estraditatzeko eskaera egin eta 10 hilabetera. Urte eta erdi eman du Zurichen preso eta aurreko uztailean jakinarazi zuen Suitzako Justizia Federalak Espainiak egindako estradizio eskaera behin betiko onartzen zuela.

Orain arte ez da gauzatu erabakia eta orain, Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman du Espainiako justiziarekin duen zorra. Txapartegi, aske gera daiteke epe laburrean.

Inmigrazio zentro batera eramango dute datozen orduetan, eta Suitzako Justiziak asteartean aztertuko du asteasuarraren asilo eskaera. Suitzako Justiziak berriro ere asiloa ukatuko balio, espainiaratzeko arriskua edukiko luke Txapartegik, Naiz-en arabera. Asteasuko herritarrek bilkura deitu dute, gaur, ostirala, 20:00etan Asteasuko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!