'Pasahitza' irratsaioa, gaur, Asteasuko igerilekutik

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 13a, 17:37

ATARIA irratia Asteasuko igerilekutik aritu da zuzenean, 11:00etatik 13:00etara. Gonbidatu ugari pasa dira mikrofono aurretik.

Herritar ugari gerturatzen da uda partean Asteasuko igerilekura. Zerbitzu honen inguruko xehetasunak eman ditu Pili Legarra alkateak, Jon Gorostidi soroslea alboan duela. Iraila bitartean zabalik izango da, egunero, igerilekua.

Taberna zerbitzua ere badute instalakuntza hauetan eta Mila Eizagirrek hiru urte daramatza bertako ardura eramanez. Egiten duten eskaintzaz hitz egin du eta bide batez albondiga errezeta bat azaldu du.

Aurten ere Asteasuko Udalak, Zizurkilgoarekin eta Adunakoarekin batera eta Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta, auzolandegiak antolatu dituzte aurten ere. Aurkezpen ekitaldia egin zuten asteazkenean Zarate Aitz mendiaren magalean. Markel Posadas iruindarra aritu da aurten, boluntario gisa auzolandegietan.

Udaleku irekiak ere izan dituzte aurten Asteasun. Jon eta Eider begiraleekin izan dira igerilekuan parte hartzen ari diren gazteetako batzuk.

Irratsaioan, bide batez, Villabonako garagardo asteburuaz hitz egin dugu Irrintzi elkarteko lehendakari Gaizka Ezeizarekin. Aurten ez da azoka izango aurreko urteetan bezala.

Santamañan, berriz, asteburu honetan abiatuko dituzte festak. Larunbatean, igandean eta datorren asteartean egingo dituzte ekitaldiak. Maialen Arteaga eta Maialen Segurola izan dira irratian aurtengo jaien berri emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!