Suitzako Justiziak Txapartegi estraditatzea berretsi du

Ataria 2017ko uztailaren 6a

Suitzako Justiziak Nekane Txapartegi asteasuarra estraditatzeko erabakia berretsi du. Hamar eguneko epea dute erabakiari helegitea jartzeko. Bilkura deitu dute bihar, uztailak 7, 20:00etan Asteasuko plazan.

Martxoaren 23n hartutako erabakia berretsi du Suitzako Justiziak. Suitzako Bulego Federalak baimendu egin zuen asteasuarra Espainiara estraditatzea Madrilek egindako eskaerari erantzunez; orduan epaileek adierazi zuten horretarako «baldintza guztiak» zeudela. 

Suitzako Bulego Federaleko epaileek ondorioztatu zuten Txapartegik ez zuela «modu sinesgarrian frogatu ahal izan» Espainian atxilotu zutenean torturatu egin zutela, eta zehaztu zuten Espainiako agintariek ere ez zutela «behar bezala aztertu» aurkeztutako salaketa.

Txapartegi 1999an atxilotu eta espetxeratu zuten, eta salatu zuen preso egon zen tartean torturatu egin zutela. Azken urtean, Suitzan bizi izan da, baina Espainiak hiru urte eta erdiko espetxealdia ezarria dio, ETArekin kolaboratzea egotzita. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!