1999an atxilotu zuten Txapartegi lehen aldiz eta atxiloaldian torturatu egin zutela salatu zuen. Handik hilabete gutxira utzi zuten aske eta 2007an epaitu zuten 18/98 auziko Xaki atalean. Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuen kondena bete Euskal Herritik ihes egin baitzuen.
Azken urtean Suitzan eman ditu eta han atxilotu zuten iazko apirilaren 6an, Suitzako poliziak Espainiakoarekin elkarlanean egindako polizia operazioan. Haren aurkako euroagindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2012ko abenduan. Urtebete honetan, Txapartegiren defentsak estradizioa ukatzeko argudioak aurkeztu dizkio Suitzako Justizia Bulego Federali, bereziki, 1999ko tortura salaketa oinarri hartuta. Horrekin batera, asilo eskaera ere egin dio Txapartegik Suitzari.
Hala ere, Suitzako Justiziak onartu egin du, azkenean, Nekane Txapartegi Espainiara estraditatzea, Madrilek eskatu bezala. Duela aste gutxi, 2007an 18/98 auzian ezarri zion zigorra arindu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigor Kodeko 579 bis 4 artikuluak, aukera ematen du espetxealdia murrizteko eta epaileek azaldu zutenez, "ETAri laguntzeko" egin zuen bakarra pertsona bati bi pasaporte ematea izan zenez, hiru urte eta erdiko espetxealdia ezarri dio azkenean.
Txapartegiren defentsak Naiz.eus agerkariari azaldu dionez, Suitzak hartutako erabakiari helegitea jarriko dio. 30 eguneko epea du horretarako.
Gaur, 19:30ean Asteasuko plazan, elkarretaratzea egin da Nekane Txapartegiren askatasuna eskatzeko. Nekane Libre plataformak mobilizazioak iragarri ditu apiraren 6rako, Bilbon Suitzako kontsulatuaren atarian eta Asteasun. Eskualde mailako manifestazioa egin asmo dute.