Jatorri ezberdinetako asteasuarrek bat egingo duten jaialdia

Ataria 2017ko eka. 2a, 11:20

Hirugarren aldia da Asteasun kultura ezberdinen jaialdia antolatzen dutela. Igandean, eguerdi partean, herrian bizi diren jatorri ezberdinetako herritarren kultura eta gastronomia ezagutuko dituzte.

Asteasu osatzen duten herritar guztien elkarbizitza sustatu nahi dute Asteasuko Udaletik. Horregatik lankidetzan jarduten dute Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin.

Ongi etorri programaren barruan Tolosaldeko baliabideak ezagutzeko informazio saioa antolatu izan dute, eskualdetik kanpora jaio diren pertsona orori harrera egin eta bertan topatu ahal dituen baliabideak ezagutarazteko.

Asmo hori osatze aldera, 2014an lehen aldiz, kultura ezberdinen jaialdia antolatu zuten Asteasun, Pili Legarra alkatearen esanetan, «oso harrera ona» izan zuena. «Herritar gisa beraien ekarpena ikusgai jartzeko, integrazioa lantzeko eta elkar ezagutzeko» antolatu zuten aurreneko aldi hartan eta urtez urte errepikatu egin dute. Igandean egingo dute hirugarrena.

Askotariko jatorria dutenak

Denetara, herrialde ezberdinetatik Asteasura etorritako 69 lagun bizi dira herrian. Alkateak zerrendatu ditu herrialdeak: «Ekuador, Colombia, Txile, Peru, Nikaragua, Kuba, Brasil, Dominikar Errepublika, Honduras, Mexiko, Portugal, Ginea Bissau, Ekuatore Ginea, Nigeria, Senegal, Aljeria, Maroko, Lituania, Pakistan, Thailandia, Ukraina eta Amerikako Estatu Batuak».

Beste herrialdeetatik Asteasura etorritako pertsonek, euren umeak Pello Errota eskolara eramaten dituzte eta horrek lagundu egiten die jatorriz bertakoak direnekin harremanak egiten. Legarretaren esanetan, herriko dinamiketan guraso elkartearen bidez parte hartzen dute gehienbat. «Ondo integratzen» direla uste du alkateak, baina beste hainbat ekitaldiren antolakuntzara ez direla neurri berean azaltzen. Kontu horrekin «erronka handi» bat dutela aitortu du, eta beraz, igandekoa bezalako hitzorduek zubiak eraiki eta asteasuar guztien elkarbizitzan eragiteko balioko dutela esan du. Gonbita egina dago.

EKAINAK 4, IGANDEA. HERRIALDE EZBERDINETAKO KULTURA ETA GASTRONOMIA EZAGUTZEKO JAIALDIA

12:00. Haurrentzako jokoak egingo dituzte eta horrekin batera, Sos Kandela musika taldearen emanaldia izango da. Aldi berean, herrialde ezberdinetako jaki eta ohiturak ezagutzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!