"Gauza berriak probatu eta gure kultura ezagutzeko gogoz dago jendea"

Ataria 2017ko eka. 2a, 11:23

Ekuadorren bihotzean dagoen Tungurahua probintzian jaiotakoa da Silvia Martinez (Patate, 1976) eta 2001. urtetik bizi da Asteasun. Buru belarri dabil igandeko jaialdia prestatzen.

Zergatik erabaki zenuen Asteasura bizitzera etortzea?

Ekuadorren dolarizazio prozesua egon zen eta ekonomiak okerrera egin zuen gure moneta, sukrea, desagertzearekin batera. Nire belaunaldiko jende gehienak alde egin zuen aukera berrien bila, AEBra, Italiara, Belgikara, Espainiara eta hona Euskal Herrira.

2000. urtean etorri zen nire senarra eta hurrengo urtean ni. Azpeitian eman nituen lehen hamar hilabeteak eta gero adineko pertsona bat zaintzera etorri nintzen Elizmendira. Geroztik bizi naiz hemen eta zaintza lanetan eta garbiketan jarduten dut.

Egokitze prozesua zaila izan al da zure kasuan?

Hasiera batean gauza askorekin gogoratzen zara. Dagoeneko, ez dakit egokituta gauden hemen, baina ohituta behintzat bai. Ordutegiak, otorduak, bizitzeko era ezberdinak dira. Han jendea pausatuago bizi da eta konformistagoa dela iruditzen zait. Hemen estres handiagoa dago. Lehen bost urteak behar izaten nituen egokitzeko, baina orain erabat eginda nago hemengo bizimodura. Dagoeneko ez dugu hara bueltatzea antsietatez bizi.

Berriz itzuliko zinateke Ekuadorrera?

Ez. Nire seme-alabak hemen jaio dira, hemen hazten ari dira eta bertako kultura dute. Gurea jaso dute, baina ez dira gehiegi murgiltzen. Hiru alditan egon dira nire umeak Ekuadorren eta bolada batean ondo egoten dira baina gero sufritu egiten dute, berriz ere Euskal Herrira itzuli nahi izaten dutelako. Egokitzapenak dakarrena nik bizi izan dut eta ez dut nire seme-alabek hori bizitzea nahi.

Hemen familia osatu duzue, beraz.

Bai. Nire senarraren anaiak ere hemen bizi dira eta euren seme-alabak dituzte. Badaude herrian Ekuadorren jatorria duten familia gehiago baina bere garaian gehiago izan ginen. Azken bost urteetan jende asko itzuli da berriz ere hara.

Guraso elkartean parte hartzeak lagundu al du integrazioan?

Ni lau urtez egon nintzen elkartean eta bilera asko egiten direnez, harreman handiak egiten dituzu. Koskortzen ari dira nire umeak eta ez naiz haiekin hainbeste kalean ibiltzen. Baina bere garaian ezagutu nituen guraso haiekin jarraitu dut hartu-emanetan. Jendeak oso ondo hartu gaitu, nik errespetatu izan ditut eta errespetu berdina jaso dut.

Euskara ikasi al duzu?

Nire seme-alaben hizkuntza da. Nik egin izan ditut ikastaroak, Eusko Jaurlaritzak egin izan dituen horietakoak, pertsona nagusien zaintzan gabiltzanontzako antolatzen direnak. Baina hamabost egunetakoak izaten dira eta ez da nahikoa. Gehiago ikasi dut etxean umeekin. Hitz solteak eta esaldiak badakizkit eta asko laguntzen du hain ingurune euskaldunean bizitzeak.

Aurrez ezagutzen al zenuten bazela hemen Euskal Herria izeneko herri bat?

Ez. Espainia besterik ez genuen ezagutzen. Katalan hizkuntzaren berri zeozer bai, baina ezer gutxi. Eta Euskal Herriaz eta euskaraz arrastorik ez genuen.

Zergatik da garrantzitsua igandekoa bezalako jai bat?

Elkar ezagutzeko balio du. Gauza berriak probatzeko eta gure ohiturak ezagutzeko gogoz dagoen jendea badago. Askok galdetzen dute gure jakien inguruan eta interesa agertzen dute. Bere baitara itxita daudenak ere badaude, baina horiek ez dira jaialdira gerturatzen. Norberak ikusiko du.

Zenbat postu jarriko dira igandeko jaialdian?

Bederatzi, hamar bat postu jarriko dira. Portugal, Italia, Maroko, Bolivia, Honduras, Brasil, Txile, AEB eta Ekuadorreko jakiak izango dira. Guk adibidez, llapingachos izeneko jakia eramango dugu, besteak beste. Patatarekin egindako talo modukoa da. Horrekin batera, umeentzako jolasak izango dira eta piñata bat jarriko da mundua irudikatuko duena. Dantzak ere egingo dira, Boliviakoak eta Ekuadorrekoak, eta Lasarteko Sos Kandela musika taldeak doinu latindarrak joko dituzte. Egun pasa ederra izango dela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!