Nekane Txapartegiren mezua Aiztondora egunean

Ataria 2016ko azaroaren 23a

Zurichen preso dagoen Nekane Txapartegik mezua bidali zien larunbatean Aiztondoko herritarrei, bailarako presoen aldeko elkartasun egunaren harira. Agertu dioten babesa eskertu zuen asteasuarrak.

Askatasun Taupadak erabiltzaileak bildu du Nekane Txapartegiren mezua bideo honetan:

Asteasuarra apirilaren 6an atxilotu zuten Suitzan, Espainiako Poliziak eta hango Polizia Federalak elkarlanean eginiko operazio batean. Hasiera batean Zurichen bertan espetxeratu zuten eta gero, ekaina hasieran Dielsdorfeko kartzelara lekualdatu zuten. Joan den astean Zuricheko espetxera eraman zuten bueltan.

«Bizi baldintza berdinak mantentzen ditu Zurichen. 22-23 orduz zeldan bakartuta edukitzen dute eta alabak astean behin bisitatzen du. Familiakook ere ordubeteko bisita egin ahalko diogu, baina beti ere, aste barruan», esan dute Txapartegiren senideek.

Presoaren gertukoek ez dakite zertara datorren espetxe aldaketa: «Egia da abendu hasieran Istanbuleko protokoloa egingo diotela Nekaneri eta hori egiteko austriar forentse bat joango zaiola. Bisita hori errazte aldera, Zurichera aldatu ote duten esaten dute. Baina ez dago ezer garbi, hipotesi hutsak dira».

Bien bitartean, Txapartegik zain jarraitzen du Espainiak egindako estradizio eskaerari Suitzako gobernuak zer erantzungo. Hasiera batean, iraila edo urria alderako espero zuten erabakia baina luzetsita daude senideak. «Esan digutenez litekeena da urtea bukatzea eta erabakia hartu gabe egotea. Ziurgabetasun horrek guri eragiten digu, baina pentsa horrek Nekaneri zer desgaste dakarkion».

Gertukoek Txapartegiri idazten jarraitzeko deia egin dute. Hau da espetxean duen helbidea: Nekane Txapartegi.Gefangnis Zurich. Rotwandstrasse 21. Postfach. 8036 Zurich. Switzerland.

Bestalde, hemendik aurrera asteartero 12:45tik 13:00etara eta 15:45tik 16:00etara elkartasun eta sostengu mezuak bidali ahal izango zaizkio Lora irrati librearen bidez, berak zuzenean entzun ahal izan ditzan. Telefono zenbakia honako hau da: 0041445672400.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!