Denboraldia zabaltzeko festa Asteasuko igerilekuan

Jon Miranda Labaien 2016ko eka. 9a, 14:14

Asteasuko igerilekuaren irekiera festa izango da larunbatean, 18:00etan, Anakruxa taldearen emanaldiarekin

Iaz hartu zuten tabernaren ardura, Mila Eizagirrek eta Mari Mar Chivitek. Oso balorazio positiboa egin dute; lan asko egin zuten eta aurten errepikatzea erabaki dute. Taberna lehiaketara ateratzen du Asteasuko Udalak eta kanon baten truke eskaintzen dute zerbitzua. Pili Legarra alkatearen esanetan, «guretzako garrantzitsua da zabalik egotea eta guneari erabilera ematea».

Etenik gabeko zerbitzua eskainiko du igerilekuko tabernak. Astelehenetik igandera, 11:00etatik 23:00etara. Menuak, plater konbinatuak, ogitartekoak, «eta jendeak eskatzen duen hori eskaintzeko prest gaude». Eizagirre eta Chivite dira ardura eramango dutenak, baina ingurukoen laguntza izango dute tabernaren martxa eramateko.

Batez ere familiak dira Asteasuko igerilekura gerturatzen direnak. «Badira uda osoa hemen ematen dutenak», dio umorez Chivitek. Batez ere, Asteasu bertako jendea gerturatzen zaie, baina baita Tolosaldeko beste herrietakoak ere.

Azkeneko hamabost egunak taberna atontzen eta prestaketa lanak egiten eman dituzte Eizagirrek eta Chivitek. «Ia urte osoa itxita eman ondoren, garbiketa lanak egin ditugu eta uda osorako hornitu dugu taberna». Aurki ospatuko dira herrian San Pedroak eta jende uholdea espero dute. «Iaz oharkabean harrapatu gintuen, baina aurtengorako dena prest izango dugu».

Udalak, bere aldetik, taberna zerbitzua esleitzeaz gainera, igerilekuaren mantenua ere atera du lehiaketara. Zerbitzua martxan izango da etzitik aurrera. 

IREKIERA FESTA, LARUNBATEAN

Larunbatean zabalduko dute Asteasuko igerilekua. Taberna zerbitzua eskainiko duten lagunek festa antolatu dute: « 18:00ak aldera zabalduko ditugu ateak eta besteak beste, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da». 10 kidek osatzen dute Anakruxa taldea eta larunbatean Asteasun izango dira. Taldeko kide guztiak Loatzo musika eskolako ikasleak dira, musika-tresnak jotzen ikasten 40 urtetik gora hasitako herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!