El Salvador, Katalunia eta Euskal Herria elkar hartuta, Asteasun

Ataria 2016ko mai. 28a, 20:10

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetuta daude Asteasu, Zizurkil, Amasa-Villabona eta Adunako udalerriak. Urtero, maiatza bukaeran, elkartasuna adierazteko ekimena egiten dute eta gaur Asteasun batu dira horretarako. Herrialde Katalanetako Lladó eta Vidreres herriak ere batu dira ospakizunera.

El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko kide dira Joana eta Cristian eta turismoa ikasten dute. Aiztondo bailaratik jasotako laguntzari esker ikasketak burutzeko beka jasotzen dute. Egunotan, Euskal Herriko gastronomia eta turismo ekimenak ezagutzen ari dira.

Gaur, Asteasun ospatu den senidetze egunean omenaldia egin diete bi gazteei. Dantzariak, Usarrabi abesbatza, Joakin Arregi eta Haritz Mujika bertsolariak eta udal ordezkariek hartu dute parte herri harreran. Aurretik, Asteasuko udaletxean, harrera instituzionala egin diete El Salvadorreko bi ikasleei.

Harrera ekitaldiaren ostean, bazkaria izan da frontoian. Caldereta izeneko jakia prestatu dute Vidreres (Herrialde Katalanak) herriko biztanleek. 48 lagun gerturatu dira Asteasura, asteburu pasa. Zizurkilekin senidetuta dagoen Lladó herriaren bitartez egin dute hartu emana. Lladóko beste autobus bat ere gerturatu da asteburu honetan gure eskualdera eta gaur eguerdiko ekitaldian parte hartu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!