Zuricheko kartzelan bisitatu du abokatuak Txapartegi

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 12a, 13:17

Orain arte, senideek ezin izan dute asteasuarra ikusi. Bihar, gaiaren inguruko mozioa bat aurkeztuko da Asteasuko ohiko osoko bilkuran.

"Ondo eta animatuta" ikusi du abokatuak Txapartegi, apirilaren 6an atxilotu zutenetik asteasuarrak izan duen lehen komunikazioan. Aurreko astean, Suitzara gerturatu arren, senitartekoek ez zuten ikusteko aukera izan. "Ostegunean telefonoz hitz egin ahal izan zuen alabak berekin eta guk dirua eta arropa sartu genizkion, baina ezin izan genuen ikusi. Aste oso bat behar izan dugu, berri zuzenak jasotzeko, egunak eta orduak aurrera joan ahala gero eta gehiago areagotu delarik kezka", aipatu du Nekaneren anaia Josebak.

Asteazken goizean, alaba eskolan utzi ondoren, ikastetxe atarian Suitzako polizia federalak, Espainiako Poliziaren laguntzaz atxilotu zuen Txapartegi. Familiakoek komunikabideen bidez jakin zuten berria. "Ostiral gauean eraman zuten Zuricheko espetxera eta aipatu digutenez gogorraren fama du. 23 ordu egiten dituzte ziegan eta bakarra patioan. Bisitak astegunez izango direla jakinarazi digute". Datozen egunetan abokatuak senitartekoentzat bisita baimenak lortzen saiatuko da, eta espero dute "hurrengo astean, aurrez aurre, Nekanerekin egon ahal izatea".

Espainiako Ministroen Kontseiluak, asteasuarraren estradizioa eskatu zuen 2015eko ekainean. "Ez dakigu noiz gauzatu daitekeen", dio Josebak, "abokatuek esan digute duela gutxi beste preso turkiar baten kasua eman zela eta azkenean estraditatu egin zutela. Itxura denez, ez dago araudi zehatzik Suitzan horrelako kasuetarako". Ostiralean bista izango du poliziaren komisarian eta han estradizio eskaeraren berri emango diote Txapartegiri. Orduan jakingo du 18/98 sumarioan ezarri zioten zigorraz gain, beste akusaziorik egiten ote duten bere kontra.

Bihar, ohiko osoko bilkura egingo dute, 20:00etan, Asteasuko udaletxean. Nekane Txapartegiren estradizio aukera salatzeko ezker abertzaleak mozioa aurkeztuko du hautetsiek eztabaidatu dezaten. Bien bitartean, elkarretaratzea egingo da plazan, Nekane Etxera lelopean. Bide batez, eskualde mailako batzar informatiboa eta elkarretaratzea egingo dituzte 20:00etatik aurrera.     

Hona hemen aurkeztuko duten mozioetako bat:

Asteasuko Ezker Abertzaleak Nekane Txapartegi gure herrikide eta militante independentistaren atxiloketaren aurrean honako mozioa aurkezten dio Asteasuko Udal Batzari, onartua izan dadin:

1.-Nekane Txapartegi Suitzan atxilotua izan da berriki. Gure herrikidearen atxiloketaren aurrean gure kezka agertzen dugu. Kezka hori egunak eta orduak aurrera joan hala areagotzen ari delarik, oso informazio urria izan dugu eta honek kezka areagotu baino ez du egiten. Kasik astebete da Nekane atxilotua izan zela eta berarekin egoteko oztopoak eta arazoak baino ez ditugu izan.

2.-Nekane Txapartegiren aurkako jazarpena Estatuen aldetik ez da gaurkoa. Jazarpen horren adibiderik garbiena, berak, lehen pertsonan Auzitegi Nazionalean publikoki salatu zituen torturak dira. Nekane, Espainiako Poliziaren eskuetan basatiki torturatua izan zen. Inork ez du deus esan eta are gutxiago egin.

3.-Atxiloketa honek beste behin, bistan da, gatazka politikoaren konponbideari eraso zuzena egiten dio. Espainiako Gobernuak beste behin oso argi utzi du zein den bere alternatiba bakarra herri honentzako; askatasuna eta independentzia oinarri dituen egitasmoa gelditu nahi ditu eta horretarako, espetxea eta errepresioa da bere alternatiba.

4.- Ezker abertzalea herri honen etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko proposamenak egiten ari den unean, Espainiak errepresioa eta jazarpena du eskaintzeko alternatiba bakarra. Eta guk oso argi dugu, probokazio eta eraso guztien gainetik, zigor eta mendeku guztien gainetik, orain artean bezala herri hau ezkerretik egiten jarraitzeko determinazioa.

Are gehiago, gero eta nabarmenagoa da, XXI. mendeko Euskal Herri burujabeak ez duela lekurik, kartzelak bete, mugak itxi, errepresioa eta zigorra eskaintzeko besterik ez duen Estatu antidemokratiko batean.

5.-Euskal Herritarren gehiengoak espetxeak hustu  behar direla esaten ari den unean, Estatu espainola  euskal herritarrak espetxeratzen ari da, torturapean ateratako deklarazio batzuetan oinarrituta.

6.-Gure babes eta estimu osoa adierazi nahi diogu Nekaneri. Uneotan Suitzako espetxe batean, preso. Modu berean babes osoa bere senide eta gertuko lagun denei. Eta nola ez bere alabari.

6.-Udal honek bere konpromisoa hartzen du kasu hau gertutik jarraitzeko eta bere eskura dauden baliabideak eskaintzen ditu familia laguntzeko.

7.-Modu berean, Espainiako Gobernuari erasoak eten eta euskal herritarrei etorkizun demokratiko eta baketsu bat eskaintzeko deia egiten diegu. Modu berean, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Sailari, Nekane Txapartegik salatu zituen tortura kasu larriak aztertu eta kasuaren jarraipena egin dezala eskatzen diogu.

8.-Asteasuko Udalak, adierazpen hau, komunikabide guztiei helaraziko die.


Nekaneri idatzi eta elkartasun mezuak bidaltzera animatu dituzte herritarrak, hona helbidea:

Nekane Txapartegi

Nieve
Gefängnis Zürich, Rotwandstrasse 21,

8004 Zürich, Suiza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!