Zinema munduko bi izar Asteasun

Ataria 2016ko urtarrilaren 14a

Argazkia: Google

Viggo Mortensen eta Ariadna Gil aktoreak Asteasun izan dira Gabonetan. Besteak beste, herriko harategi batean erosketak egin eta Muskerraren Bideak ibilbidea osatu zuten.

Urte Zahar Eguna zen. Maite Iraolaren harategian bikote bat sartu zen, erosketak egin eta, bide batez, informazio eskatzera. Jateko leku baten bila zebiltzan. Harakinak gomendioak eman eta etorri bezala alde egin zuten.

Sorpresa bi egun beranduago izan zuten. Urtarrilaren 2an, bikote bera beste bikote batekin azaldu zen harategian. "Pertsona ezagunen tankera hartu nien, baina hasieran ez nintzen konturatu. Parez pare jarri zen arte" dio Iraolak.

Babarrun zaku batekin gerturatu zitzaizkion mostradorera: 'Zuek nola prestatzen dituzue babarrunak?' galdetu zuen emakumeak. Iraolak azalpen guztiak eman eta gero bota zien galdera: 'Viggo Mortensen eta Ariadna Gil al zarete?'. Eta baietz erantzun.

"Sorpresa handia izan zen. Harrituta nengoen, ezin sinetsi" dio asteasuarrak. Bertako produktuak erosi zituzten dendatik: babarrunak, odolkiak, gazta, txakolina... Baina Iraolak bestelako proposamen bat ere egin zien: Muskerraren Bidea ezagutzea.

Horra bigarren sorpresa. Hura ere ezagutzen zuten bi aktoreek. "Aurreko egunean egin zuten ibilbidea. Asko gustatu zitzaien, oso polita zela esan zuten. Nonbait Bernardo Atxaga ere ezagutzen dute eta haren etxean egonak dira. QR kodeen bidez audioak eta guzti entzun zituzten".

Agurtzean, Iraolak ez zien argazkirik eskatu: "Bi musu emango ote zizkidaten galdetu nien. eta adeitasun osoz eman zizkidaten. Ez dut argazkirik, baina musuak niretzat gordeko ditut".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!