Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

"Erraza izan da kontsentsuetara iristea; talde anitza da gurea"

Jon Miranda Labaien 2015ko mai. 19a, 16:10

Pili Legarra da Asteasuko egungo alkatea, eta datozen hauteskundeetan Asteasu Batuz taldearen alkategaia da. Herritarren parte hartzea sustatuz jarraituko duela eta emaitza onak espero dituela azaldu du.

Zergatik erabaki duzu aurten ere zerrendaburu bezala aurkeztea?
Taldearen hausnarketa baten ondorioa izan da. Egia esan lau urteak oso azkar pasa zaizkit. Hainbat proiektu martxan daude eta ez du denbora eman guztiak amaitzeko. Beste legealdi bat beharrezkoa dela uste dut bukatu gabeko horiek amaitzeko, eta horregatik aurkeztu naiz. Talde osoaren babesa ere jaso dut.

Taldean aurpegi berriak ere ageri dira. Zer nolako taldea osatu duzue?
Horrekin ere hausnarketa bat egin zen. Gazteen presentzia bermatu nahi genuen. Jendeari proposamenak egiteko eskatu genion, udaletxean lan egiteko jendearen izenak botatzeko, eta hor izen batzuk atera ziren. Guk egin duguna izan da horiekin hitz egin. Nahiko erraz osatu dugu taldea. Berri horiek zerrendaren aurrealdera bultza ditugu, etorkizunean esperientzia bat hartzeko.

Asteasu Batuz. Ez duzu alderdi baten babesa bilatu.
Gure taldeak baditu lerro batzuk. Talde ezkertiarra da, abertzalea. Baina aniztasuna kontutan hartzen du eta jende ezberdina dago. Esperientzia izan dugu azken lau urte hauetan. Oso ondo joan zaigu, talde lana oso garrantzitsua izan da eta sekula ez dugu talde barruan erabaki bat hartzeko bozketa egin behar izan. Kontsentsura iristea erraza izan da.

Astean behin biltzen zarete. Nola aritu zarete lanean urte hauetan?
Zinegotzi bakoitza arlo baten buru izan da. Baina niretzat oso beharrezkoa zen denon artean informazioa partekatzea, bestela arlo bakoitza bere aldetik doalako. Asteazkenero hutsik egin gabe egon gara bilduta. Zinegotzi guztiek informazio osoa dute, herritar bat zinegotzi batengana badoa jakin dezan zein den udalaren postura. Esfortzu handia da, baina funtzionamendu horrek emaitza onak eman dizkigu.

Nola baloratuko zenuke herritarren parte hartzea?Egia da gure lerro nagusietako bat zela, eta bilera asko deitu ditugula. 50 bileratik gora. Batzuek arrakasta handiagoa izan dute beste batzuk baino. Asko aldatu landu behar da oraindik gai hau, jendeak ez daukalako ohiturarik hurbildu eta proposamenak egiteko. Erraztu egin behar dira bide horiek: inkesta gehiago egin, norbanakoak ukitu... baina aurreko legealdietatik asko hobetu dugu. Aldundiari esker parte hartze teknikari bat izan dugu doan, eta oso garrantzitsua izan da. Orain martxan da Lizardi Etxeko parte hartze prozesua.

Inbertsioetarako garaia ez dela esan izan duzue, baina ze asmo dituzue datozen lau urteetarako?
Proiektu nagusiena herriko plaza peatonalizatzearena izango da. Ez da erraza. Hiru urtetan landu dugu gaia, baina nahiko nuke hori egi bihurtzea. Indar nagusia hor jarriko dugu. Eskolako gurasoek jokoetako eremuan estalki bat jartzeko eskatu dute, eta aztertzen ari gara.

Zer moduzkoa da udalaren egoera ekonomikoa?
Duela lau urte baino askoz hobea da. Gu sartu geinenean 2,8 milioiko zorra zuen, eta orain 918.000 eurokoa da. Guztia dokumentatua dago. Hobekuntza, nabaria da, kontrol zorrotza egin dugulako. Askotan ez da atsegina gauza askori ezezkoa eman behar izan diogulako.

Jarduera ekonomikoa bultzatzeko baduzue proposamenik?
Enpleguko lerro guztiak Tolosaldea Garatzenetik bideratzen ditugu. Asteasu bertako parte da. Ekonomia maila txikian kudeatzen dugu udaletik. Badugu turismo proiektu bat. Oso aurreratua dago, baina datorren legegintzaldian aurkeztuko da. Bernardo Atxagaren lanean oinarritua dago.

Ze emaitza espero ditu Asteasu Batuz-ek?
Nik onak espero ditut. Jendearentzat talde ezagun eta gertukoa da, konfiantza sortzen duena. Ez genuen asmatuko guztian, baina uste dut emaitza onak izango ditugula.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!