Olasagasti eta Etxeberria garaile, Asteasun

Ataria 2015eko urtarrilaren 2a

Asteasun, ohiturari jarraituz, herri kirolen saio batekin bukatu zuten urtea. Hotz handia egiten bazuen ere harmailak nahikoa bete ziren, Aizkolarien Binakako Txapelketako kanporaketa ikusteko. Lehian Olasagasti eta Etxeberria, Mindegia eta Lopezen aurka. Lehenengo bikoteak irabazi zuen.

Joxemari Olasagastik eta Felix Etxeberriak, Mieltxo Mindegia eta Juanjo Lopez garaitu zuten abenduaren 31n Asteasun, Usarrabi pilotalekuan  jokatutako kanporaketan. Mindegia eta Lopez txapelketatik kanpo geratu dira. Olasagastik eta Etxeberriak proba guztiak irabazi zituzten.

Lehen proban lortu zuten abantaila Olasagasti eta Etxeberriak; 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren eta irabazi. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta Olasagastik bi segundo atera zizkion Mindegiari.

Gero zutikako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten eta Olasagastik eta Etxeberriak bi minutu eta 13 segundo behar izan zituzten eta Lopezek eta Mindegiak bi minutu eta 47 segundo. 60 ontzakoarekin ere Olasagasti eta Etxberriak irabazi zuten, eta zutikako zein etzaniko enborretan, berdindu. Iraupen proban bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozteko, 11 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten beteranoek, eta 13 minutu eta 44 segundo, Lopezek eta Mindegiak. Guztira 23 minutu eta 5 segundotan bukatu zituzten lanak eguneko irabazleek eta 24 minutu eta 30 segundo Mieltxo Mindegiak eta Lopezek.

Aipatu behar da, era berean, Joxemari Olasagastik apustua jokatzeko desafioa bota diola Aitzol Atutxari, eta Tolosako Kantabriko tabernan izango dela zain urtarrilaren 12an, 19:00etan.

Aizkolariez gain, urteko azken egunean harri jasotzaileen saioa ere ikusi ahal izan zen Asteasun. Inhar Urruzunok eta Jokin Eizmendik 12.157 kilo jaso zituzten, eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a' eta Josetxo Urrutiak 10.959 kilo.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!