Asteasuko erreka garbituko dute auzolanean

Iñigo Terradillos 2014ko uztailaren 8a

Auzolan Eguna antolatu dute Asteasun larunbaterako. Erreka garbitu nahi dute herritarren artean, eta horretarako hitzordua 09:30ean jarri dute, Asteasuko udaletxearen azpian.

Udaletik esan dutenez, «guztiok zikintzen dugu erreka eta denon ardura da hura garbitzea». Hala, auzolanean herritar guztiek parte hartu ahalko dutela «hain garrantzitsua den lanean» azaldu dute. «Parte hartzaileek bertatik bertara ikusi ahalko dute zerk zikintzen duen erreka eta zergatik dauden horrela», esan dute.
Katiuskak eta eskularruak jantzi, eta errekako zaborra jasoko dute herritarrek 09:30etik 11:30era, eta ordu horretan udaletxe azpian bilduko dira denak, udalak eskainitako hamaiketakoa hartzeko. Bestalde, udaletik jakinarazi dutenez, auzolanean parte hartuko duten guztiei aseguru bat egingo die. Horretarako, udaletxera jo beharko da, edota alkatetza@asteasu.net helbidera izen a-bizenak eta NAN zenbakia idatzi. 6 eta 10 urte bitarteko gaztetxoek arduradun batekin joan beharko dute.
Auzolanean Asteasun egingo duten lehen ekimena da larunbatekoa, beraz, udaletik herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!